2022 zientziarentzat oso urte esanguratsua izan denez, Elhuyarrek albisterik garrantzitsuenak zerrenda batean bildu nahi izan ditu. Guztira hamar aukeratu dituzte, zientzia eta teknologia ardatz hartuta, bai nazioartekoan, bai gure ingurukoak ere.
1. Unibertsoko argazkirik sakonenak.
James Webb teleskopioak bere lehen irudiak transmititu ditu aurten, inoiz lortu diren unibertsoaren argazkirik sakonenak eskainiz. Era berean, inoiz eskuratutako datu espektroskopiko zehatzenak ere lortu dira.
2. Adimen artifizialaren aurrerapenak.
Adimen artifizialaren azken aurrerapenek gure euskara ere aberastu dute. Aurrerapen horiei esker garatu dira, esate baterako, gure hizkun-tzaren zerbitzura dauden hainbat produktu, eta itzulpen automatikoan genero-joera zuzentzeko teknika berritzaile bat ere sortu ahal izan da.
3. Desazkundea.
2022ko gairik garrantzitsuenetako bat desazkundea izan da, zientzialari askoren ustez egungo krisiari aurre egiteko irtenbiderik onena delakoan. Hortik abiatuta, hainbat teoria eta albiste garatu dira.
4. Irulegiko eskua.
Azken hamarkadetako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak derrigorrez behar zuen zerrendan. Irulegiren Eskuak, Orain 2.100 urtetik gora brontzez eginiko Irulegiko eskuan agertzen da euskaraz inoiz ezagutu den testurik zaharrena.
5. Covid-19 iraunkorra.
Aurtengo urtean koronabirusa aurreko bietan bezain presente egon ez arren, horren ondorio nagusietako bat bai, biziki pairatu dugu: long covid deitu ohi den covid iraunkorra. Birusarekin kutsatutako ehunka pertsonari eragin die eta eragiten jarraitzen die gaixotasun berri horrek.
6. Izurri beltza eta laktosarekiko tolerantzia.
Bere garaian gizakia izurri beltzetik babestu zuten geneek sistema immunologikoa eraldatu zuten, gaixotasun autoimmuneen aurrean ahulago bihurtuz. Aurreko aldaera horri Europak pairatu dituen goseteak gehitzetik eragin da, egungo laktosarekiko tolerantzia.
7. Begi hutsez ikus daitekeen bakterioa.
Aurkikuntza harrigarrienetako bat Karibeko mangladietan gertatu da, begi hutsez hautematen den bakterio bat aurkitu baita. Zentimetro bat luze eta ezagutzen diren gainerako bakterioak baino 50 aldiz handiagoa izanik, aurkikuntza horrek kolokan jarri ditu orain arte mikroorganismo horiei egotzitako zenbait alderdi.
8. Bi milioi urteko genoma isolatzea lortu dute.
Groenlandiako sedimentu batzuetatik ateratako DNAri esker, denboran bi milioi urte atzera joan ahal izan da genoma batetik abiatuta. Orain arteko DNArik zaharrena izan ere duela milioi bat urteko mamut siberiar batena zen.
9. Azken neandertalak Aranbaltzan.
Neandertalen desagerpenaren inguruko zalantzak argitzetik gero eta hurbilago gaude, Aranbaltzako aztarnategian egindako azken aurrerapenei esker. Berau da, hain zuzen ere, Kantauri isurialdean aire zabalean dagoen aztarnategirik garrantzitsuena.
10. Dart misioak asteroide bat bere orbitatik desbideratzea lortu du.
Aurtengo urtetik aurrera, gizateriak eskura du asteroide bat nahieran desbideratzeko teknologia. DART zundaren talka eraginda, Dimorphos asteroidearen orbita aldatzea lortu du NASAk, asteroide arriskutsuen aurrean segurtasun handiagoa bermatuz.