Gipuzkoa

15 gazte Urretxutik Alemaniara joan dira, sormena lantzera

Urretxurekin anaituta dagoen Schwarzenbruck herrira joan dira eta bertako gazteekin elkartu dira
Urretxutik Alemaniara joan diren gazteak eta helduak.
Urretxutik Alemaniara joan diren gazteak eta helduak. / Asier Zaldua

Joan zen ostiralean, 18 laguneko taldea Urretxutik Alemaniako Schwarzenbruck herrira abiatu zen, udalen arteko Erasmus+ programaren eskutik. Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak koordinatutako ekimen honetan, 15 neraberekin batera hiru arduradun joan dira. Eguerdi aldera, Schwarzenbruckera iritsitakoan, beste 18 laguneko taldeak egin zien harrera. Guztiek astebeteko egonaldia egingo dute bertan. Sormena lantzen ari dira, hori baita egitasmoaren ardatza.

Egitasmo honen jatorria Urrexuko Udalak gazteen artean sormena sustatzeko antolatzen duen Sormonak ekimena da. Sormonaken azken ekitaldian parte hartu, proiektua aurkeztu eta interesa agertu zuten 41 lagunen artean zozketa egin zuten parte hartzaileak aukeratzeko. Genero oreka aintzat hartu zen. Alemaniara joan diren 15 herritarrak 14 eta 18 urte bitarteko nerabeak dira.

Alemanian sormena lantzen ari dira, Urretxuko Gazteria sailak Europan aurkeztutako elkartrukearen ardatza sormena baita: ez arteari edota kulturari dagokionez bakarrik, baita gainontzeko esparruei lotuta ere. Hala, astebeteko egonaldian, sormenari lotutako ekintzak eginten ari dira elkarrekin: arte, diseinu eta teknologiarekin lotutako bisitak eta ikastaroak egiten ari dira, museo, kultur elkarte, enpresa eta bestelako erakundeen eskutik.

Sormena ez ezik, Schwarzenbruck eta Nurenberg inguruko historia, kultura eta naturguneak ezagutzeko aukera izaten ari dira, bertako adin bereko biztanleen eta bi hirietako elkarte eta eragileen eskutik.

Hori guztia era ludiko eta gozagarrian egiten ari dira. Eta nola ez, bi taldeek aisialdirako aukera ere izaten ari dira. Urretxuko Udalaren webgunean egunez eguneko jarraipena egiten ari dira, argazkien eta testu laburren bitartez. Urrian, alemaniarrak Urretxura etorriko dira.

Urrexuko Udalak prentsaurrekoa egin zuen joan zen astean bidaiaren berri emateko, gazteekin eta beraien gurasoekin egindako bileraren aurretik. Prentsaurrekoan Maialen Fidalgo zinegotziak eta Beñat Zamalloa Gazteria teknikariak parte hartu zuten. Fidalgok Urretxu eta Schwarzenbruck nola anaitu ziren azaldu zuen. “Harreman horren hazia Urretxuar batek jarri zuen, Alemanian bizi zen Alfonso Cuestak, 1988an, bi herriok, Urretxu eta Schwarzenbruck elkar ezagutzera eman zituenean eta senidetzaren aldeko lanari ekin zionean. Lan horren ondorioa izan zen 1991n bi herriek sinatutako senidetza hitzarmena, Albert Frister eta Ramon Arbizu alkateek sinatu zutena”.

Harrez geroztik, hamaika joan-etorri egin dituzte urretxuarrek Alemaniara eta alemaniarrek Urretxura: kirol txapeleketetara, hizkuntza ikastera, ekitaldi kulturaletara, lanera, eta nola ez, jaietara. “1990eko hamarkada oso emankorra izan zen zentzu horretan, eta elkartruke ugari egin ziren, bereziki gazteen artean, eta gaurdaino dirauten harreman pertsonalak sortu ziren. Ostiralekoarekin, garai hartakoa bezain emankorra izango den etapa bati hasiera eman nahi diogu”, aipatu zuen zinegotziak.

2025-04-09T18:46:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo