150 pertsona inguruk parte hartuko dute Mungiako duatloian. Bihar izango da eta honekin, herriak hain gustuko dituen kirol-proba horiek berreskuratzen ditu. Hainbeste denboran bizi izandako osasun-egoerak kirol-jarduerak geldiarazi zituen, jende asko biltzen dituzten probei dagokienez. Baina, pixkanaka, ekitaldiak berreskura- tzen joan dira, eta jada posible da horrelako kirol-ekitaldiak antola- tzea. Horrela, Mungiako duatloiaren hamahirugarren edizioa ospatuko da. Pandemia eta murrizketen ondoren, duatloien euskal egutegira itzuliko da lasterketa hau. "Mungiako duatloia egiteko aukera daukagu berriz ere, aire berrituekin, zirkuitu berriarekin eta antolakuntza berriarekin", antolatzaileek azaldu dutenez. Mungiako Tritoiak Triatloi Taldea arduratuko da hainbat hilabete lanean daramaten proba hau aurrera eramateaz.
"Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, emakumezkoen kategoriarekin, eta ordu laurdeneko aldearekin gizonezkoen txanda izango da". Kirolariek Mungiako kaleetan zehar egingo den 5 kilometroko oinezko zirkuitua osatu beharko dute. Bizikleta-zirkuituak 20 kilometro ditu, eta Fruiz eta Gamiz-Fika herriak zeharkatzen ditu. Ondoren, oinezko zirkuitua 2,5 kilometroko distantzian osatuko da.
Probaren gune nagusia Mungiako kiroldegiaren inguruak izango dira, eta bertan egingo dira izen-emateak, irteera, helmuga, boxak eta sari banaketa. Unai Castillo, Tritoiak taldeko kideetako bat, "pozik" agertu da, eta, aldi berean, itxaropentsu larunbatera begira: "Aste batzuk daramatzagu duatloian lanean, garrantzitsua da Mungian horrelako lehiaketak berriz ikustea".
Mungiako alkate Ager Izagirrek, bere aldetik, "oso pozik" daudela aipatu du, "duatloia bueltan ikusteaz, hamahiru edizio baitira. Herritarrentzat oso garrantzitsua da ekitaldiak berreskuratzen joatea. Pozik eta harro gaude aurten Mungiako klub batek hartu duelako probaren gidaritza, eta uste dugu hori dela bidea. Herria, elkarteak eta Udala eskutik helduta Mungiari bizia emateko".