Bilboko Udalak 1.647.110,24 euro (BEZik gabe) bideratuko ditu Etxebarria parkean hobekuntzak egiteko. Konkretuki, lanak Zumalacárregui etorbidearen eta Mallonako futbol-zelaiaren artean egingo dira. Astelehen honetan hasiko dira obrak, eta zazpi hilabete barru burutuko dira.
Lanon xedea da paisaia hobetzea eta egoteko leku berriak sortzea, eta, hala, basotxo bat eta aintzira artifizial bat eginaraziko dira, guztira 17.192 metro koadro dituen eremu batean.
Esku-hartzea handiena eta garrantzi handieneko jarduketak 8.000 metro koadrotan egingo dira, futbol-zelaitik hurbilen dagoen eremuan –oinezkoentzako bideek mugatuta daude eta ia ez dute maldarik–.
Gune horretan, zuhaizti handi bat sortuko da, askotariko espezieekin, neurri ertain eta handiko aleekin, bai eta zuhamuxkekin ere, eta, era horretan, basotxo bat eratuko, eta haren erdian ur-azalera edo -xafla bat ezarriko da, aintzira artifizial baten modura.
Parkearen gainerakoak inguratuko du, eta haren barnean geratuko, eta, hala, ibilbide, pasealeku eta oinbide batzuk eratuko dira, eta egoteko leku berriak ere bai; leku horietako batean, umeentzako eremu bat ezarriko da, ur-jolasekin, eta bestean, ura barreiatzeko gailuak ipiniko dira.
Urmaelaren ondoan, bi kai ezarriko dira, jarlekuekin, uraren aurrean atsegin eta atseden hartzeko. Plataforma berri horiek zurezko egitura izango dute, eta bide-sarearekin eta pasealekuekin lotuko dira.
Eremuaren gainerakoa –ia 10.000 metro koadro– zuhaiztiarekin harmonian diseinatuko da, zoladuraren, altzarien eta gainerako elementuen ikuspegiari dagokionez, baina ez da lurraren morfologian aldaketa nabarmenik egingo, lehenengo eremuan egingo denaz bestera. Era berean, eremu osoko argiteria hobetu eta areagotuko da.
Proiektu horren helburua da eremu zabal bat sortzea atsedenerako eta atseginerako, adin guztietako jendearentzat, ondo konektatua, eta uraren eta landarediaren arteko oreka bilatuko duena, eta herritarrei paseatzeko eta kontenplazioan egoteko leku bat emango diena.