Bizkaiko Foru Aldundiak 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo du Asuako Makro merkataritza-zentroaren inguruan BI-735 errepidea berrantolatzeko. Proiektua astelehen honetan aurkeztu dute Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua, Imanol Pradales, eta Erandioko alkatea, Aitziber Oliban. "Oso berri ona da errepide horretatik dabiltzan gidarientzat eta bertakoentzat, errepide-tarte hori urez betetzen den bakoitzean inguruko zirkulazioa nahasi egiten delako, eta jendearen jokabidea izaten delako aurrera jarraitzea Arrontegira heltzeko edo Erandiogoikoatik edo auzo-errepide estuetatik joatea itsasadarraren errepidera iristeko", adierazi du Olibanek.
Proiektuak BI-735 errepidearen sestra-maila igo egingo du Erandiogoikoako elkargunearen eta kamioiak merkataritza-zentrora sartzeko bideen artean. Imanol Pradalesek adierazi du proiektuak 1,8 milioi euroko inbertsioa izango duela (BEZa barne), eta aurreikuspenen arabera lanak 7.5 hilabetetan amaituko direla. «Proiektua aste pare batean onartuko da, eta lizitazioa martxoko bigarren hamabostaldian zehar ateratzea espero dugu, lanak uda ostean hasi daitezen. Saila eta Udala elkarlanean ibili gara alegazioen aurreko fasean, eta fasea burutzen zen bitartean, uholdeek eragindako kalteak murrizteko konponbide onena duen proiektua onartzeko asmoz. Inguru horretako drainatze-baldintzak kontuan hartuta, ubideen edukiera hidraulikoa gehitzea baztertu zen, ez lukeelako eraginkortasun handirik izango. Eta azkenean aukeratu da sestra-maila igotzea 500 metroko tartean», Pradalesen hitzetan.
Jarduera-eremua Erandiogoikoaren elkargunearen eta Makro merkataritza-zentrora doazen ibilgailu astunentzako sarbideen artean dago. Jarduketa horrek zenbait betegarri egitea eskatzen du, eta, hori ahalbidetzeko, bidearen plataforma murriztea aurreikusi da, errepidearen paraleloan doan errekari eragin gabe. Izan ere, Makrorako sarbide nagusian dagoen "T" kanalizatu itxurako elkarguneko erdiko erreiak kentzea aurreikusten da, eta bertan biribilgune bat egitea. Aukera horrek Makrora sartzeko mugimendu guztiak konpontzen ditu, eta egungo gurutzaketak saihesten ditu ezkerrerako biretan.