Buscar
Bizkaia

180 postal, 1940tik emakume zornotzarren testigantzak eta oroitzapenak islatzeko

Jasotako testigantzak Herriko Plazan jarritako erakusketan daude ikusgai
Ainhoa Salterain, Deiene Perez, Jone Guenetxea eta Andoni Barañano.
Ainhoa Salterain, Deiene Perez, Jone Guenetxea eta Andoni Barañano.

Joan den azaroan abiatu zen Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio ekimenak aurrera jarraitzen du, eta atzo, 1940ko emakume zornotzarren istorioak eta bizipenak islatzen dituen erakusketaren lehen eguna izan zen. Horrela, Zornotzako Emakume Aitzindariak erakusketa Herriko Plazan kokatuta izango da hilabete osoan zehar eta bertan, Amorebieta-Etxanoko udalerriak izan duen bilakaera erakutsiko da 11 irudiren bitartez. “Azaroan postal bat bidali genuen Amorebieta-Etxanoko etxe guztietara, entzutea helburu zuen mezu batekin. Nahietako bat zen pertsona hartzailearen pentsamenduan sakontzea, haren oroitzapenetan eta sentipenetan sakontzea, eta, horrela, Amorebieta-Etxanoko historia ezagutzea, emakumeek kontatua. Guztira 180 postal jaso ditugu eta eskerrak eman nahi dizkizuet ekimen honetan parte hartzera animatu zareten zornotzar guztioi”, azaldu zuen Ainhoa Salterain, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak, saritutako Deiene Perez ikasle gaztea eta Andoni Barañano irakaslea ondoan zituela.

Postal horietan dauden lekukotasunak, testigantza eta oroitzapenak batuta, udalerriko erretratu komun bat marraztea lortu du toki administrazioak. Erakusketa horrek Amorebieta-Etxanoko 70 postal baino gehiago bildu ditu eta horietako 11 postaletan oinarritu da Irati González argazkilaria plazan ikus daiteken proposamen artistikoa sortzeko. Iragana eta oraina argazki berean elkartuta. Besteak beste, lehen irudian joan den mendea ondo sartu arte nekazaritza eta abeltzaintza zirela Amorebieta-Etxanoko jarduera ekonomiko nagusiak antzematen da, Zelaieta Parkearen eraldaketa, Herriko Plaza eta Udaletxea, trenak herrian eta eskualdean duen garrantziari ere erreferentzia egiten dio erakusketak eta argazkietako batean, Eubako geralekua ikus daiteke, 1912ko hainbat baserritarrekin.

Ekimen honen hurrengo urratsa emakume horien guztien bizipen eta testigantzetan oinarritutako dokumental bat grabatu eta zabaltzea izango da. “Postaletan idatzitako bizipenek berezko ahotsa izango dute azaroaren 11n estreinatuko den ikus-entzunezko batean. Dokumentalak Amorebieta-Etxano erakutsiko digu emakumearen ikuspegitik, eta gure udalerriaren etorkizuna irudikatzeko balioko digu”, laburbildu zuen Salterainek.

Etiquetas
2023-03-09T08:22:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo