Buscar
Bizkaia

19.869 ikaslek jaso zuten Osasun eta Kontsumoko aholkularitza joan den ikasturtean

Aholkularitza-lan hori familiei zuzendutako prestakuntzarekin osatu da.
Aholkularitza-lan hori familiei zuzendutako prestakuntzarekin osatu da.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumoko zinegotzi ordezkariak Osasun eta Kontsumo Sailak joan den ikasturtean emandako aholkularitzaren balantzea aurkeztu du ostiral honetan. Zehazki, Bilboko lehen eta bigarren hezkuntzako 19.869 ikaslek aholkularitza, informazioa eta orientazioa jaso zuten osasunaren eta adikzioen arloan. Yolanda Díezek azaldu duenez, horrelako jardunen bidez, ezagutza eta jardunbide egokiak hobetu nahi ditugu, bai eta arrisku-egoerak prebenitu ere, adikzioak bezalako gai delikatu batean.

Ikasturtearen hasieran, osasuna sustatzeko udal-taldea ikastetxeekin harremanetan jartzen da, ikasturteko eskola-programazioan sartzen den zerbitzu hori eskaintzeko. Horrela, zentro bakoitzari atxikitako langileek osasun-aholkulari modura jarduten dute.

Ikasturtean zehar egindako aholkularitza-lanaz gain, udaleko osasun-langileek 38 ikastetxeren berariazko eskaerei erantzun diete, eta 150 esku-hartze zehatz egin dira.

Gehien kontsultatu diren alderdien artean nabarmentzekoak dira ikasleen jokabide disruptiboak, doluei irtenbideak ematea, elikadura-nahasmenduak, familia barruko tratu txarrak, higienearen inguruko gaiak edo gaixotasun kroniko eta akutuak.

ADIKZIOEN PREBENTZIOA

Ikasle nerabeen artean ohikoenak diren adikzioei dagokienez, Osasun eta Kontsumo Sailak programa honetan ikastetxe bakoitzeko ikasle eta irakasleen beharrei erantzun nahi die. Helburua da hezkuntza-prozesuan orientazioa ematea, adikzioak prebenitzeko programa bat sortzeko.

Ildo horretan, bost ikastetxek eskatutako kasu espezifikoei erantzun zaie, eta ikasleei eta haien familiei eman zaie orientazioa.

Aholkularitza- eta orientazio-lanaz gain, tailer praktikoak egiteak garrantzi berezia du programan. Tailer horiek osasunarekin eta adikzioekin lotutako hainbat gai jorratu dituzte, esaterako elikadura eta jarduera fisikoa, osasun afektibo-sexuala, pubertaroa: dena aldatzen zait, nerabezaroa gaur egun, zer dakigu legezko drogei buruz?, droga-mendetasunen prebentzioa, bideojokoen edo ausazko jokoen eta apustuen erabilera arduratsua.

2022-07-23T14:33:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo