Bizkaia

1931n hautatutako Udal Korporazioa omenedu du Bilboko Udalak

Omenaldiaren momentu bat.

Ostegun honetan Bilboko Udalak 1931n hautatutako Udal Korporazioaren omenezko ekitaldia abiarazi du, non brontzez eta estilo klasikoan egindako 100 x 80 cm-ko plaka oroigarria estalgabetu da. Bertan, ondoko testua agertzen da: “Bilboko Udalak aintzatespena eta gorazarre egin nahi die, batetik, 1931n hautatutako Udalbatzari, zeina kargugabetua eta jazarria izan baitzen 1937ko ekainaren 19tik aurrera, eta bestetik, patu bera jasan zuten bilbotarrei".

Omenaldian Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako Zinegotzia, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko Zuzendaria, udal-bozeramaileak eta elkarte eta fundazio memorialisten ordezkariak hartu dute parte.

Udal Txistulari Bandaren musikaz girotutako ekitaldi honetan, Udal Jauregiko sarrera nagusiaren ondoan egin zaie harrera gonbidatuei. Jarraian, brontzez eta estilo klasikoan egindako 100 x 80 cm-ko plaka oroigarria estalgabetu da, ondoko testua duena:

Plaka Udaletxearen beheko hallaren hondoko horman kokatuta dago, eskalinata nagusiaren eskuineko erakusketa-gunean, 1931ko apirilaren 12an hautatutako Udalbatzaren kargua hartzeko aktaren pergaminotik oso hurbil, eta Bilbo erori izanaren 80 urteurrenean “askatasuna eta balio demokratikoak defendatzeagatik fusilatu zituzten funtzionarioen omenez” inauguratu zen plakatik metro gutxira.

Omenaldian, Juan Mari Aburto Alkateak beren-beregi nabarmendu du “memoria historikoa mantendu eta zabaltzearen beharra, bereziki belaunaldirik gazteenen artean, gure bizikidetza mehatxatu eta gure herrian nahiz mundu osoan horren sufrimendu handia eragin duten estremismo guztien aurkako txertoa emateko asmoz”.

10/03/2023