2020 Hariztia Urruñako eta Berako Herriko Etxeekin elkarlanean, Asier Gogortza argazkilariak sortutako egitasmoa da 2020 Hariztia. Adar aunitz dituen proiektua izanagatik, oinarrizko ideia arrunt sinplea da: “mendian harizti bat landatzea”. Harizti berezia da, ordea. 2020ko udaberrian, pandemia betean ginela sortutako haritz landare batzuk baitira mendian landatu direnak. Pandemiaren hasierako egunetan sortuak izateak erranahi berezia du eta hortik heldu zaio izena. “Hariztia osatuko duen haritz bakoitzari ere izena eman zaio: Wuhan, Covid19, Trump, Zumeta... 2020 urtean egunkarietan sarri-sarri ikusi genituen izenak dira, eta guztiek dute nolabaiteko lotura udaberri horretako gertakari zehatzekin”, aipatu du Gogortzak.
Kokalekua ere berezia du harizti honek. Erentzazuko gainaren magalean, Urruñako eta Berako herri lurretan dago hariztia, “muga marraren gainean batzarleku baten moduko gune borobila sortuz”. Harizti hau paisaiari eta paisaigintzari lotutako sorkuntza lanak garatzeko laborategi izateko asmoarekin landatu da. Gogortzaren erranetan, “proiektuaren helburuetako bat litzateke zuhaitzak hazten diren bitartean paisaia nola aldatzen den ikertzea eta argazkien bitartez edo bertzelako euskarrien bitartez jarraipena egitea.
Gogortzak twiterreko hari berezi baten bidez azaltzen ditu egitasmoaren bilakaera eta emaitzak.
Uraren inguruko debekuak
Bertze alde batetik, Berako udalak azken egunetako beroaldi eta lehortea dela eta, ur eskasia nabarmena da Beran. Hori dela eta, kontrakoa jakinarazi arte uraren erabilerarekin zerikusia duten hainbat jarduera debekatu ditu. Debekatuta egonen da gasolindegietan dauden kotxeak garbitzeko guneak erabiltzea; kotxe eta ber-tzelako ibilgailuak sare publikoko urarekin garbitzea; terrazak, espaloiak eta antzekoak mangerarekin garbitzea eta igerilekuko pribatuetako ura berritzea. Halaber, bara-tzeak neurriz ureztatzea eskatu du udalak, eta lorategiak ureztatzen ere ura alferrik ez galtzea. Egoeraren larria kontuan hartuz, herritarrei ura zentzuz kontsumitzeko eskatu die udalak.