Oiartzungo Udalak aurten 18,76 milioiko aurrekontua izango du, inoizko altuena eta iazkoa baino %1,8 gehiago. Aurrekontuaren zati handi bat, aurreko urteetan hasitako bidetik jarraituz, Oiartzun eta oiartzuarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko proiektu estrategikoak gauzatzera bideratuko da; hau da energia trantsizioa, zaintza eta kultura suspertzera.
Energia trantsizioa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko, energia eredu jasangarriagoa lortzeko proiektu ezberdinak martxan jarriko dira. Gainera, Xorrola eta Taxibus zerbitzuekin jarraitzeko 287.000 eta 55.000 euroko partidak aurreikusi dira, hurrenez hurren.
Bestalde, herritarren ongizatea bermatu eta pertsonak babesteko, Ongizate sailak aurten 2,55 milioi euroko aurrekontua izango du. Besteak beste, menpekotasunen bat duten herritarrei arreta emateko etxez etxeko zerbitzura 793.000 euro bideratuko dira eta herriko jubilatuen egoitza berria martxan jarri eta bertako zerbitzuak eta ekintzak antolatzeko 29.000 euro. Gainera, 2023an Ongizate Saila Fermiñene etxera pasatzeko lanak egingo dira, horrela zerbitzu hobea eskaintzeko.
Azkenik, Oiartzun herri sortzailea izanik, herriko kultur eskaintza indartzea da helburua, urtean zehar hamarnaka ekitaldi antolatzen baitira. “2023an Landetxe Kultur Aretoa errealitate bihurtuko da eta honek ere herriko kultur eskaintza zabaltzeko aukera emango digu, herriko kultur eragileekin elkarlanean. Horregatik, Kultura Sailaren aurrekontua %44 igoko da 2023an eta 1.127.792 eurokoa izango da”, adierazi dute Udaletik.
Hiru proiektu estrategiko hauekin batera, Udalak garrantzia berezia emango die elikadura burujabetza lortzeko proiektuei. Horretarako, lehen sektorea bultzatzea ezinbestekoa da. Besteak beste, lehen sektoreko ustiapenak diruz laguntzeko 60.000 euro aurreikusi dira eta nekarazi eta abeltzainek sortu nahi duten elkarterako 30.000 euro.