Buscar
Actualidad

2023 “zailagoa” izango dela ohartarazi du Diru Funtsak

Munduko ekonomiaren herena atzeraldian egongo dela esan du Georgievak
Kristalina Georgieva, aurreko agerraldi batean.
Kristalina Georgieva, aurreko agerraldi batean.

Washington – Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak atzo ohartarazi zuenez, munduko ekonomiaren zatirik handienarentzat 2022 baino urte “zailagoa” izango omen da 2023, Estatu Batuak, Europar Batasuna (EB) eta Txina (munduko hiru ekonomia handienak) aldi berean moteltzen ari direlako eta munduko ekonomiaren herena atzeraldian murgilduko delako.

Printzipioz, Euskadi eta Estatua ez lirateke egoera horretan izango, Georgievaren ustez, ezta bere osotasunean hartuta, Europar Batasuna ere. Hala ere, ziurgabetasuna nagusitzen ari da.

“Munduko ekonomiaren zatirik handienarentzat urte zaila izango da aurtengoa, agurtu berri dugun urtea baino zailagoa. Zergatik? Ba, hiru ekonomiarik handiak, AEB, EB eta Txina, aldi berean moteltzen ari direlako”, adierazi zuen CBS kateari eskainitako elkarrizketan ekonomialari bulgariarrak.

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariaren esanetan, Estatu Batuek eusteko ahalmena badute eta atzeraldia saihestu dezakete; baina “Europar Batasunaren erdia atzeraldian egongo da datorren urtean”, eta Txina are gehiago motelduko omen da.

Arriskua

“Egoera arriskutsua bada ere, Estatu Batuak atzeraldian ez erortzea espero dut”, azpimarratu zuen Georgievak.

Inolaz ere, argi utzi zuen, munduko ekonomiaren herena atzeraldian aurreikusten duela NDFk, eta uzkurdura saihesten duten herrialdeetan ere, “atzeraldia bailitzan pairatuko dutela ehunka milioi pertsonak”.

Kristalina Georgieva gogora ekarri zuen, ekonomiaren mundu mailako desazelerazioa aurreikusten duela NDFk, eta horren eraginez munduko hazkundea %2,7an geldituko litzatekeela datorren urtean, 2021ean %6koa eta iaz %3,2koa izan zenean.

“Eta horrek oso joera negatiboak dakartza mundu mailan”, azpimarratu zuen Georgievak, gorabidean dauden merkatuei eta garapen-bidean dauden ekonomiei erreferentzia eginez, “herrialde horietan egoera are larriagoa baita, interes-tasa altuek eta dolarraren balio-handitzeak kolpatu egiten dituztelako”, eta horrek, zor-maila handia duten ekonomien kasuan, “hondamendia ekar lezakeelako”, zioen Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak.

Zailtasunak

Georgievak nabarmendu zuenez, orain arte zailtasunak dituzten herrialdeak zorraren krisia eragiteko bezain sistemikoki esanguratsuak ez diren arren, zerrendak hazten jarraituko balu “munduko ekonomiak ezusteko lazgarria jaso lezake”.

2023-01-04T09:31:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo