Actualidad

26.500 tona arrain sartu dira aurten Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan

Harrapaketak eta prezioak onak izan badira ere, gasolioaren prezioak kalte handia eragin dio arrantza sektoreari
Berdelaren deskarga Bermeon.

Aurtengoa urte ona izan da baxura flotako euskal arrantzaleentzat. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 26.500 tona arrain saldu dituzte Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, aurreko urtean baino 1.200 tona gehiago. Espezieka aztertuta, 7.800 tona hegaluze porturatu dituzte, aurreko urtean baino 300 bat gutxiago, 5.343 tona bokart, iaz baino 1.800 tona gehiago eta 8.408 tona berdel eta betandi, 2021ean baino 300 tona gehiago. Prezioari dagokionez, hegaluzea, bokarta zein berdela, aurreko urtean baino garestiago saldu dira Euskadiko kofradietan. Guztira, arrainaren balioa 63,5 milioi eurokoa izan da, iazkoa baino %20 handiagoa. Harrapaketak eta prezioak onak izan badira ere, gasolioaren prezioak izandako gorakadak kalte handia eragin dio arrantza sektoreari ustiaketa kostuak biderkatu egin ditu-eta.

Urtero legez, hegaluzearen arran-tzaldia izan da diru iturri garrantzi-tsuena baxura flotarentzat, aurten lortutako harrapaketak aurreko urtekoak baino txikiagoak izan badira ere, 300 tona gutxiago hain zuzen. 7.800 tona saldu dituzte kofradietan, 6.500 Gipuzkoan eta 1.300 Bizkaian. Getariakoa izan da hegaluze gehien jaso dituen portua, 3.738 tona. 2.394 tona saldu dira Hondarribiko kofradian, 667 Bermeon, 644 Ondarroan eta 358 Pasaian. Azpimarratzekoa da hegaluzearen batez besteko prezioak aurten izandako gorakada. Izan ere, inoiz baino garestiago saldu da espezie hau, 4,18 eurotan kiloa, aurreko urtean baino 61 zentimo garestiago. Guztira, Euskadin lehorreratutako hegaluzearen balioa 32,5 milioi eurokoa izan da.

Aurtengo hegaluzearen arrantzaldiak ez du zerikusirik izan aurreko hiru urteetakoekin. Izan ere, azken kanpainetan arrantzaleek abuztuaren erdialdean eten behar izan zuten arrantzaldia urteko harrapaketa muga agortuta. Urte honetan, berriz, harrapaketa erritmoa motelagoa izan da eta ontziak hegaluzea harrapatzen ibili dira urriaren erdialdera arte, historikoki egin izan duten bezala.

2022 urtearen analisia egiteko orduan, nabarmentzekoa da berdelak eta betandiak aurrea hartu diotela bokartari, aurreko urte bietan legez, lehorreratzeen sailkapenean. Gainera, aurten ere, berdelaren batez besteko prezioa antxoarena baino handiagoa izan da euskal portuetan. Guztira, 8.400 tn berdel eta betandi saldu dira aurten Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan, 2.818 eta 5.591 tn, hurrenez hurren, eta batez besteko prezioa, 1,48 eurokoa izan da. Duela bi urte, batez besteko prezioa 0,87 eurokoa izan zen.

Bokartaren arrantzaldiari dagokionez, 5.345 tona saldu dira aurten Euskadiko portuetan, iaz baino 2.000 tona gehiago, eta batez besteko prezioa 1,19 eurokoa izan da. Gorakada honek, baina, ez du esan nahi deskarga kopurua handia izan denik. Izan ere, aurreko urte bietan bezala, baxura flotak Kantauri mendebaldean lortu ditu harrapaketa handienak eta ondorioz, arrantzatutako antxoa gehiena Gijon, Aviles edota Santoñako portuetan lehorreratu du. Historikoki bokart harrapaketa handienak Kantauriko ekialdean gertatu badira ere, azken urteetan arrantzaleek antxoa gaztea baino ez dute aurkitzen euskal kostaldeko uretan. Arrain handienak –garestien saltzen direnak– Kantabria eta Asturiasko uretan baino ez dira azaleratzen. Aldaketa honek kezka handia sortu du euskal arrantzaleen artean.

2.178 tona sardina sartu dira aurten Euskadiko portuetan, iaz baino 200 bat gutxiago, eta batez besteko prezioa 1,01 eurokoa izan da. Ondarroakoa izan da sardina gehien jaso duen portua. Aurten, baxurako ontziek ez dute egun askorik eman sardinaren arrantzaldian. Normalean, hegaluzearen arrantzaldia amaitu ostean joaten dira sardinaren bila Frantziako kostaldeko uretara. Aurten, baina, hegaluzearen kanpaina aurreko urteetakoa baino luzeagoa izan da eta urriaren erdialdera arte ez da bukatu. Horretaz gain, erregaiaren prezioak izandako gorakada handia ikusita, ontzi askok sardinatara ez joatea erabaki zuten, arrantza lekua euskal kostaldetik urrun dagoenez arrantzaldiari errentagarritasuna ateratzeko aukerak urriak zirelako.

Azkenik, 747 tona txitxarro lehorreratu dituzte, iaz baino 150 tona gehiago, eta batez besteko prezioa 1,45 eurokoa izan da.

Etiquetas
10/12/2022