Buscar
Actualidad

280.000 kilo antxoa sartu dira Bizkaiko portuetan arrantzaldiaren hasieran

Lehen aleak 10 eurotan saldu ziren arren, prezioa euro batera arte jaitsi da azken egunetan, ontziak porturatu eta gehiago saldu ahala
Bi arrantzalek antxoa deskargatu zuten joan den ostiralean Bermeon. | ARGAZKIA: RAMON BASALDUA
Bi arrantzalek antxoa deskargatu zuten joan den ostiralean Bermeon. | ARGAZKIA: RAMON BASALDUA

Bokartak ez du huts egin urtero Kantauriko baxura flotako ontziekin duen hitzorduan. 280.000 kilo sartu dira Ondarroan eta Bermeon martxoaren 1ean arrantzaldia hasi zenetik. Asteazken gauerdian itsasoratu ziren Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziak urteko lehen arrantzaldiari ekiteko. Ordu gutxi batzuk beranduago, 2023 urteko lehen bokartak porturatu zituzten Pasaia, Getaria eta Ondarroako portuetan. Galiziako ontzi batek lehorreratu zituen lehen antxoa kaxak Pasaian eta kiloa 10 eurotik gora saldu zen. Urtero gertatzen den bezala, ontziak porturatu eta antxoa gehiago saldu ahala, prezioak beherantz egin zuen. Flotaren erdia Santoña eta Laredo aurreko uretan ibili zen arrantzan eta beste erdiak Gipuzkoa kostaldeko uren aldeko hautua egin zuen.

Ondarroako portuan, Euskadin urtero antxoa gehien jasotzen duen portuan, 22.300 kilo saldu ziren asteazkenean, martxoaren 1ean, eta 34.000 kilo sardina. Espero bezala, harrapatutako antxoaren tamaina ez zen handia izan -55-60 ale kiloko- eta lehorreratutako arrain guztia freskotan kontsumitzeko saldu zuten.

Asteartetik asteazkenerako gaua ez zen oparoa izan arrantzaleentzat. Ostegunean, berriz, antxoa sardak azaleratu ziren Lekeitio eta Bermeo parean. Bertarantz abiatu ziren Kantauriko flotako ontziak eta arrantzu politak lortu zituzten. 137.000 kilo saldu zituen Ondarroako kofradiak eta arrainaren batez besteko prezioa 1,75 eurokoa izan zen. 21.600 kilo sardina ere jaso zituzten eta bitxia bada ere, espezie honen kiloa 1,73 eurotan saldu zen batez beste, antxoaren prezioa baino zentimo bi bakarrik merkeago. Ostiralean, bezperan baino arrain gutxiago sartu zen Ondarroan, 35.000 kilo hain zuzen ere.

Arrainak kofradiako enkantean izandako prezioa aurreko egunetakoa baina txikiago izan zen. Izan ere, ostiralean arraina euro baten inguruan saldu zen batez beste. Bermeoko portuan ia 71.000 kilo saldu zituzten ostegunean eta beste 14.000 ostiralean. Aurreko egunetan gertatu bezala, Euskadiko portuetan lehorreratutako antxoa guztia freskotan kontsumitzeko merkatura bideratu zuten.

Aurreko urtean baino arrain gutxiago harrapatu dute aurtengo kanpainaren hasieran. Nabarmentzekoa da arrantzaleek ez dutela eguraldia lagun izan. “Antxoa honek eguraldi ona eta itsaso lasaia ditu gustuko eta egunotan izan ditugun baldintzak ez dira lar onak izan” adierazi digu baxura ontziko patroi batek Bermeoko portuan. Itsasoko uraren tenperatura baxua dela nabarmendu dute arrantzaleek. “Uraren tenperatura beste urte batzuetan baino baxuagoa da eta horrek eragina du arrantzaldian. 2023 urtea hasi zenetik hotza nagusi izan da eta igarri egiten da itsasoan”.

Datorren asteari begira, Kantauriko ontziek eguraldi ona izango dute lehen egun bietan. Asteazkenerako, ordea, mendebaldeko haizea indartuz joango da eta itsasoaren egoerak txarrerantz egingo du. Kantauriko kofradiek neurri batzuk ezarri dituzte kanpainaren hasierarako, normalean sasoi honetan harrapatzen den arraina tamaina handikoa ez dela kontuan hartuta. Hortaz, eta freskorako merkatua ez itotzeko asmoarekin, martxoan, 120 GT tik gorako ontziek edota hamabi marinel baino gehiago dituztenek, egunero 8.000 kiloko muga izango dute, eta 6.400 koa gainerakoek. Halaber, porturatutako arrainaren tamaina ez da hirurogei granotik -aleak kiloko- gorakoa izango. Apirilean, maiatzean eta ekainean, eguneko topea 10.000 kilokoa izango da ontzi handientzat eta 8.000 koa txikientzat.

Berdelaren arrastorik ez

Antxoaren eta berdelaren kanpaina batera hasten badira ere, arrantzaleek ez dute berdelik aurkitu Kantauriko uretan, edo ez behintzat Euskadiko kostaldekoetan. Sare txikiekin -tresmailu edo mallabakarra- ari diren ontziek ere ez dute espezie honen berririk.

“Berdelaren arrastorik ere ez dugu aurkitu. Aurreko urtean ere ez genuen berdelik harrapatu martxoko hirugarren astera arte. Arrainak ez dauka egutegirik. Ez daki zein egunetan bizi den. Itsasoko baldintzen arabera jokatzen du eta Kantauriko urak 13 gradutik behera daude” azaldu digu patroi batek. Berdela arrantzatzeko esku-tretzak erabiltzen dituzten ontziak itsasoratu ere ez dira egin oraindik. “Ez daukagu prisarik. Ez gara itsasora aterako gasolioa alferrik erretzera, are gutxiago egun daukan prezioarekin. Azken berrien arabera, arraste-ontziek berdel sardak aurkitu dituzte euskal kostaldetik 170 itsas milara. Gure itsasertzera hurbildu arte itxarongo dugu” azaldu du Bermeoko ontziko bateko patroiak.

Etiquetas
2023-03-07T06:56:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo