Gipuzkoa

30 urte herri musika babesten

Psilocybek bere urteurrena ospatuko du aurten eta besteak beste, jaialdi bat antolatuko du elkarteak
Egoitz Alcaraz eta Ortzi Alonso Psilocybenean. | ARGAZKIA: N.G.

Psilocybe Elkartea 1993an sortu zen, herriko hainbat gazte Udalari entseguak egiteko lokalak eskatzeko elkartu zirenean. Bi urte geroago, Udalak emandako 500.000 pezetarekin eta gazteek antolatutako txosna batean bildu zutenarekin, hiru entsegu-lokal eraiki zituzten gaur egun Psilocybenea izena duen eraikinean.

Hala ere, garai hartan etxe horren zati bat okupazio-tailerrak egiteko erabiltzen zen eta 2006ra arte ez zen hutsik gelditu. “Orduan, elkartetik aurrerapauso bat eman behar genuela ikusi genuen, kontzertuak antolatzeko areto propioa izateko. Ordura arte Saindua gaztetxeko areto bat erabiltzen genuen, baina konponketa ba-tzuk egin behar zirela eta, erabiltzeari utzi behar izan genion”, gogoratu du Egoitz Alcaraz elkarteko presidenteak.

Areto hura 2008an ireki zuten. “Etxe guztia hartu genuen horretan hasi ginen Psilocybenea izena erabiltzen, edonork herri musika jotzeko aukera duen tokia”.

Harrezkero, 200 kontzertu baino gehiago egin dira Mendelu auzoko eraikin honetan, horietako batzuk mundu osoan ezagunak diren taldetakoak.

“Euskal Herri, Estatu edo Europa mailako bira egiten ari ziren talde askok topalekua izan dute Hondarribian, Psilocybenean. Aspaldi konturatu ginen honek suposatzen zuen altxorraz, leku xumea da, baina kalitate eta eskaintza musikal handikoa”, adierazi du Ortzi Alonso elkarteko kideak.

Aldi berean, Alcaraz eta Alonsok urte guzti hauetan Psilocybek izan duen aniztasuna nabarmendu dute: “Pentsatzeko modu oso desberdinak dituzten pertsonen topagunea izan da beti. Musikak batzen gaitu eta militantzia sentimendu antzeko zerbait dugu. Aniztasun horrek asko aberasten du proiektua”.

Gaur egungo egoera

Normalean, hilean bi kontzertu egiten dira Psilocybenea aretoan, irailetik ekainera, eta 15 edo 20 talde inguruk erabiltzen dituzte entseguetarako lokalak.

Soinu aldetik Euskal Herri osoan dagoen aretorik onenetarikoa dela dio Alcarazek, eta oso herri gutxitan daudela horrelako lokalak. “Hori Udalaren lana da, konponketak eta hobekuntzak egiteko dirulaguntzak ematen dizkigulako, baina baita gurea ere. Izan ere, gauza asko guk konpon-tzen ditugu. Adibidez, lokaletako intsonorizazioa egin dugun honetan orain arte zeuden arrautz ontziak guk kendu ditugu, eta paretak auzolanaz margotu ditugu ere bai”.

Urteurrenari dagokionez, bilduma bat grabatzen hasi direla aurreratu dute, baita jaialdi bat antolatuko dutela ere, bertako zein Euskal Herri eta Estatu mailan ospetsuak diren taldeekin.

Azkenik, Alcarazek gogorarazi du Psilocybenea eraikin publikoa dela eta herritarrentzat zabalik dagoela. “Batez ere jende gazteagoa etortzea gustatuko litzaiguke”. Era berean, emakumeen presentzia sustatzeko ere lan egingo dutela adierazi du.

06/02/2023