32 kultura- eta aisialdi-ekitaldi eskainiko ditu Gabonetan, abenduaren 9tik 14ra bitartean konkretuki, Euskalduna Jauregiak, ostegun honetan aurkeztutako 'Gabonenak 2022' programaren barruan. Aurkezpen-ekitaldian Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao izan da Euskalduna Bilbaoko zuzendari Nerea Lupardorekin batera. Jarduerak hainbat gunetan egingo dira: Auditoriumean, Erakusketen Hallean, 0B aretoan, lakuan eta kanpoko basoan.
Familia ikuskizunak, musika, balleta, magia, antzerkia, erakusketak eta zinema, besteak beste, Euskalduna Bilbaok hartuko dituen kultur jardueren katalogoa biltzen dute. 25 ikuskizun, 33 emanaldi; 2 erakusketa; neguko solstizioari eskainitako jaialdi bat baso metalikoan, eta bi kontzertu-jardunaldi, aintziran bela bataiatzeko bi egunekin batera.
Lorea Bilbao diputatuak nabarmendu duenez, "Bizkaiko Foru aldundiaren zeregin nagusietariko bat kultura indartzea eta sendotzea da, baita haren kontsumo ohiturak bultzatzen jarraitzea be; eta hori holan izanda, ezinbestekotzat jo dogu Gabonak Euskalduna 2022 programak be helburu hori indartzen laguntzea; izan be, kultur eskaintza erakargarria, lehen mailako ekipamenduan antolatzeak ekarri daike beragaz, seguru naz, kultura kontsumoa indartzea, ohiko bihurtzea".
‘Gabonenak 2022’ programan, Esther Pizarroren arte irudikorra nabarmentzen da; Eric Surmenian-en eta Santi Ibarretxeren `Primital’ kontzertuak ‘; neguko solstizioari eskainitako festa metalezko basoan; Elixabete Mendiberen erakusketa bere Frida Kahloren erretratuekin; haurrentzako antzerkia euskaraz, ‘Jon Beldurgabea’ lanarekin; Jon Plazaola Auditoriumeko eszenatokian, ‘Irabazi’ euskarazko komediarekin; Ane Gabarain eta Mikel Laskurain euskal labeleko interpretazio-duelu nabarmenean, ‘Zoaz Pake Santuan´ komediarekin; ‘Munduari itzulia 80 egunetan’ txikientzat pentsatua eta erabateko bokazio inklusiboa duen antzezlan inmersiboa, aniztasun funtzionalari estaldura ematen dion QR kode bati esker; magia eta ilusionismoa euskaraz ‘Tor Magoa’-rekin; ‘Go!azen’-en bederatzigarren denboraldiko kontzertua, ez dago esan beharrik EiTBren seriea fenomeno bilakatu dela; Borja Nisoren pianoa, jendeak, aurrez, esperientzia aukeratzen duen emanaldian, bi kartazalen bidez: gorria edo urdina…
Programazio osoa Euskalduna Bilbaoren webgunean eskuragarri dago. Gainera, sarrerak 47.000 inguru, dagoeneko salgai daude Euskalduna Jauregiaren webgunean, Euskalduna Bilbaoko leihatiletan eta Kutxabank kutxazainetan.