Buscar
Actualidad

33.000 tonako harrapaketa muga proposatu du ICESek bokartarentzat

Bioman eta Juvena ikerketek berretsi egin dute ‘stock’aren egoera osasuntsua
Arrantzaleak bokartaren deskargari begira, aurtengo kanpainan. | ARGAZKIA: RAMON BASALDUA
Arrantzaleak bokartaren deskargari begira, aurtengo kanpainan. | ARGAZKIA: RAMON BASALDUA

Ez da aldaketarik izango datorren urterako bokartaren harrapaketa mugan. Izan ere, ICESek (Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua) egindako proposamenaren arabera, 33.000 tona –azken urteetako kopuru bera– arrantzatu ahal izango dituzte Bizkaiko Golkoko uretan.

Antxoa stockaren egoera osasuntsua dela berretsi dute AZTI euskal zentro zientifiko eta teknologikoak eta IFREMER, Frantziako Ozeanoen Zientziarako Institutu Nazionalak aurten egindako ikerketek. Ondorioz, eta ICESek bokartaren kudeaketarako ezarritako harrapaketak kontrolatzeko arauaren arabera, urteko harrapaketa muga manten-tzea proposatu dio Europako Ba-tzordeari. Bruselak itxi egin zuen bokartaren arrantzaldia 2005 eta 2009 urteen artean, stockaren egoera biologikoa larria zelako. Harrezkero, biomasa etengabe hazi da eta espeziea erabat errekuperatu dela baieztatu dute ikerketek.

Europako Batasuneko egonkortasun erlatiboaren printzipioaren arabera, urteko kuotaren %90 Espainiako bandera duten ontziei dagokie eta gainerako %10 Frantziako banderakoei. Ondorioz, 29.700 tona arran-tzatu ahal izango dituzte Kantauriko baxura flotako ontziek eta 3.300 tona Frantziako mendebaldeko kostaldeko ontziek. Nolanahi ere, Espainia eta Frantziako gobernuek urtero kuota trukaketa bat adosten dute eta Madrilek antxoa kuotaren zati bat ematen dio Parisi beste espezie batzuren truke.

Harrapaketa muga azken urteetako bera izan arren, Kantauriko on-tziek antxoa gehiago arrantzatu ahal izango dute datorren urtean. Kontua da, Madrilek urtero ia 3.700 tona antxoa erabiltzen zituela, berdel gehiegi harrapatu izanagatik Bruselak Espainiako banderako flotari ezarritako isuna ordaintzeko. Aurten, baina, 180 tona bakarrik erabiliko dituzte, zigorra ia bete dutelako. Ondorioz, Kantauriko flotaren arrantza aukerak azken urteetako handienak izango dira.

5.345 tona antxoa lehorreratu dituzte aurten Euskadiko portuetan, 6,38 milioi euroko balioarekin. Arrainaren batez besteko prezioa 1,19 eurokoa izan da. Urtero legez, Ondarroako kofradiak jaso du antxoa gehien, 3.183 tona hain zuzen ere. 1.051 sartu dira Bermeon, 756 Getarian, 222 Hondarribian eta 132 Pasaian.

Bioman eta Juvena kanpainak

AZTI zentro teknologikoak eta zientifikoak urtero ikerketa bi egiten ditu antxoa stockaren egoera aztertzeko: Bioman kanpaina udaberrian egiten dute AZTIko biologoek urtero 1987tik, antxoaren biomasa ugaltzailea zenbatzeko. Aurten egindako ikerketaren emaitzen arabera, 230.000 tona antxoa heldu zegoen Bizkaiko Golkoko uretan, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko kopurua –21.000 tona– baino askoz handiagoa.

2003tik AZTIk Juvena izeneko kanpaina burutzen du udazkenean, udabarrian jaio eta bizirik irauten duten antxoa gazteen kopurua zehazteko. Izan ere, urtero aldatu egiten da lehenengo urtea betetzera iristen direnen kopurua, arrain asko hil egiten baitira lehenengo hilabeteetan, atunek, zetazeoek edota lega-tzak janda. Bestalde, ingurumenak eta baldintza hidrografikoek eragina dute antxoa kumeen hazkuntzan eta biziraupenean. Horregaitik da hain garrantzitsua Juvena kanpaina. Aurten ere AZTIko biologoek Bizkaiko Golkoko eta Kantauri itsasoko urak arakatu dituzte, Galiziatik Bretañaraino, eta ateratako ondorioak positiboak dira datorren urteko kanpainara begira. ICES erakundeak harrapaketa muga 33.000 tonatan proposatu izanak garbi erakusten du antxoa populazioa osasuntsu dagoela eta arrantzaleek arrain ugari aurkituko dutela itsasoan datorren udaberrian. Beste kontu bat izango da non kokatuko den arrain handia, arrantzaleek harrapatu nahi dutena. Azken urteetan bokart asko aurkitu arren, ale handienak Kantauriko mendebaldean baino ez dira agertu, Kantabria, Asturias eta Galiziako uretan hain zuzen. Ondorioz lehorreratze handienak Santoña, Xixon edo Avilesen gertatu dira, Euskadiko portuen kalterako.

Legatz gehiago iparraldean

Beste alde batetik, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak akordioa adostu dute elkarrekin kudeatzen dituzten arrantza baliabideetarako harrapaketa mugak ezartzeko. Horietariko stock batzuk garrantzi handikoak dira Euskadiko altura flotarentzat, Ondarroako ontzientzako batez ere. Iparraldeko legatzari dagokionez –Frantzia, Irlanda eta Erresuma Batuko uretan arrantzatzen dena– datorren urteko harrapaketa muga aurtengoa baino %5 handiagoa izango da.

Nabarmentzekoa da, hegoaldeko legatza harrapatzeko aukerak bikoiztu egin direla datorren urterako. Itsas zapoa eta oilarraren kuotak ere handitu egingo dira, %11 eta %12 hurrenez hurren, Frantzia eta Irlandako uretan. Hegoaldeko lirioaren kuota %80 haziko da 2023an eta berdelarena ia aldaketarik gabe mantentzen da. Nolanahi ere, Espainiako banderako ontziek aurten baino %20 berdel gehiago arrantzatu ahal izango dute datorren urtean. Arestian azaldu bezala, Espainiako gobernuak urtero 5.544 tona berdel erabiltzen zituen, 2009an harrapaketa muga gainditu izanagatik Bruselak jarritako isuna ordaintzeko. Zigorra bete ostean, Kantauriko flotak bere kuota osorik arrantzatu ahal izango du 2023an, 30.000 tona inguru hain zuzen ere.

Zdenklink Nekula, Txekiako Nekazaritza ministroa pozik agertu da datorren urteari begira Erresuma Batuarekin partekatutako arrain-populazioen kudeaketarako lortutako akordioarekin. “Akordio honek ziurtasuna eta egonkortasuna bermatzen die gure arran-tzaleei, 2023rako Atlantikoan eta Ipar Itsasoan dituzten arrantza eskubideak babestuz”.

2022-12-28T06:09:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo