“Frankistak egia jakin ez zedin arduratu ziren”, dio irmotasun osoz Mailu Arrutik. Horrexegatik, Lasarte-Oriako memoria historikoa berreskura-tzeko helburuarekin Islada Ezkutatuak taldea sortu zenean, bertan parte hartuko zuela argi izan zuen. Gaur egun, elkarteko lehendakaria da, nahiz eta “beste kide bat bezala” kontsideratzen duen bere burua. Ikerketa lan mardul baten ondorioz, Islada Ezkutatuak bi liburu argitaratu ditu: Lasarte-Oria 1936-1948. Testigantzak. Genozidio ezkutatu baten isladak eta El enigma de Txaldatxur. Lehenengo lanak 88 lekukoren testigantzak jasotzen ditu, eta bigarrenak, berriz, 1936ko irailaren lehen egunetan Txaldatxurreko zelaietan gertaturikoa.
Islada Ezkutatuak taldeko partaide zara. Zerk bultzatu zintuen elkartean parte hartzera?
–Talde memorialista da Islada Ezkutatuak, memoria berreskuratzea da bere helburua. Hasiera hasieratik naiz bertako kide. Gaur egun taldeko lehendakaria naiz, baina beste kide bat gehiago naiz. Hainbat liburu argitaratu ditugu eta horretarako adineko lasartearrak elkarrizketatu ditugu. Bereziki harro gaude honetaz. 36ko altxamenduaren ondoren Lasarten eta inguruan zer gertatu zen jakitea eta hori dibulgatzea da gure helburua.
Zergatik uste duzu garrantzitsua dela Lasarte-Oriako memoria berreskuratzea?
–Egia jakin behar dugu, frankistak egia jakin ez zedin arduratu ziren eta garai hartan hainbeste sufritu zuen lasartearrei bereziki zor diogula uste dugu.
Talde horretan parte hartzeaz gainera, zein zaletasun duzu?
–Euskal kulturan ekoizten diren lanak ditut maite, batez ere, an-tzerkigintzan egiten direnak. Bestalde, umorea gustatzen zait, inauterietan mozorrotzea eta hamaika saltsatan ibiltzea atsegin dut. Horretaz aparte, nire ingurukoak ondo ikusteak asetzen nau benetan.
Zure bizitzan atzera begiratuta, zertaz zaude harroen?
–Oso harro nago euskalgintzari eskainitako urteetaz. Gure herrian jendea euskaraz aritzen dela ikusten dudanean harro sentitzen naiz horren alde egindako lanarengatik, izan ere, 17 urtez AEKko irakasle izan nintzen.
18 urte zenituen momentu horretara bidaiatuko bazenu, zer esango zenioke zure buruari?
–Gaztea zarenean, gauzak probatu behar direla; saiatu ondoren, gustatzen ez bazaizu, aldatzeko garaiz zabiltzala.
Adinean aurrera egitea zerbait negatiboa bezala ikusten dugu askotan; zein da zuretzat adinean aurrera egitearen abantailarik handiena?
–Topikoa bada ere, esperientzia edukitzeak gauza positibo asko ekartzen ditu; gauzak beste patxada batekin hausnartzen dituzu eta, horrenbestez, erabaki hobeak har-tzeko gaitasuna duzu. Halere, adinean aurrera egitearen abantailarik handiena zein den galdetu didazu... Bizitzen jarraitzea!
Oraindik baduzu gauzaren bat ikasteke?
–Gauza asko! Jubilatzen banaiz inoiz, denbora gehiago izatea espero dut eta kultura eta humanitateak nahi bezala kultibatzeko astia izatea espero dut.