Gipuzkoa

40. ikasturteari ekingo dio Tolosako Aitzol euskaltegiak

Matrikula egiteko epea zabalik dute ikasleek irailaren 22a bitarte
Aitzol euskaltegiko ikasturte berriaren aurkezpena.

40. ikasturteari ekiteko prest dago Tolosako Aitzol udal euskaltegia. Urte berezia izango dute eta horretarako hainbat ospakizun aurreikusi badituzte ere, ohi bezala, herritarrak euskaldundu eta alfabetatzeko eguneroko ahaleginarekin jarraituko dute. Matrikula egiteko epea zabalik dago eta hilaren 22a bitarte egin daiteke.

Asteazken honetan egin zuten ikasturtearen aurkezpena. Xabier Balerdi Euskara zinegotziaren hitzetan, “euskararen erabilera berrindartzen ari da Tolosan, azken azterketek erakutsi duten moduan, eta eragile eta norbanako askoren lanaren ondorio da hori”. Horretarako “tresna garrantzitsutzat” jo ditu 2022-2024 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eta berriki eratu den Tolosaldeko Euskararen Mahaia.

Ainara Arakama euskaltegiko zuzendariak azaldu moduan, euskara denongana hurbiltzeko eskaintza zabala osatu dute, maila eta behar ezberdinak dituzten herritarrengana iristeko. “Kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek eta zenbait kolektibotakoek: Asuncion Klinikako langileek, Osakidetzakoek, epaitegikoek... Euskara ikasteaz gain, agiri ofiziala nahi duen edonork ere eman dezake izena, A1 mailatik hasi eta C2 maila bitartean”. azaldu du. Aurten zainketan diharduten pertsonengana ere iritsi nahi dute euren lanari “balio erantsia” emateko helburuz. Bestalde, mintzataldeak sortzeko asmoa ere badute. Gogoratu dute Tolosako Udalak B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza ematen diela bertan erroldatutako herritarrei, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa. Honetaz gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako dirulaguntza.

08/09/2022