Cultura

400 pertsonatik gora lehiatuko dira Gabon Abesti Sariketan

Etzi ospatuko da, goizez eta arratsaldez, Errenteriako Galtzaraborda auzoko udal kiroldegian.
2018. edizioaren argazki bat.

Gabon Abesti Sariketa Probintziala etzi, ostegunez, egingo da Errenterian. Normaltasuna berreskuratu bidean, aurtengoa izango da pandemia osteko lehen edizioa. Ereintza elkarteko lehendakari Andoni Goitiak, David Azurza konpositoreak eta Jon Bagues musikologoak gaur goizean, asteartearekin, aurkeztu dituzte Errenteriako Eresbilen, Euskal Herriko txapelketarik zaharrena den horren nondik norakoak. 400 partaide baino gehiago lehiatuko dira, Ereintzak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatutako sariketan nagusitu asmoz.

Pandemia aurretik ospatzen ziren aurrez aurreko bi modalitateez gain, orain bi urte Gabon Sustraiak izenarekin sortutako lehiaketa birtualaren emaitzaren berri ere emango dute ostegunean.

Programa goizetik hasiko da Galtzarabordako udal kiroldegian. 12.30ean hasiko da Horra, Horra! belaunaldien arteko Eguberriko bosgarren kontzertua: Errenteriako Zaria Koru Eskolako Zariatxo eta Zariagaz haur abesbatzek, 60 urtetik gorako kantariz osatutako Trintxerpeko Ibaiertz, eta Illumbe eta Donostiako Cum Jubilo eta Aita Donostia abesbatzekin kantatuko dute, metalezko boskote instrumental bat lagun dutela. Josu Elberdinek eta Imanol Elizasuk zuzenduko dute kontzertua.

19.00etatik aurrera etorriko da helduen txanda. Sei abesbatzek eman dute izena, eta sei horiexek, Errenteriako Garrintzi, Gazte Kemena eta Galtzagorri, Villabonako Eresargi, Donostiako Iesu eta Zarautz Abesbatza arituko dira lehian. Euren gustura aukeratutako euskarazko bi gabon kanta abestuko ditu talde bakoitzak.

Eta amaitzeko, publiko orokorrarentzat ezezagunak diren gabon abestiak berreskuratu asmoz antolatutako Gabon Sustraiak Lehiaketa birtualaren irabazleen berri ere emango du antolakuntzak. Bertan, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan inskribatutako taldeek eta diasporako euskal etxeetako zenbaitek, bideoak bidalita parte hartu ahal izan dute.

Etiquetas
28/12/2022