Bizkaia

42 bitarteko udaltzain gehituko dira Bilboko Udaltzaingora

42 bitarteko udaltzain gehituko dira Bilboko Udaltzaingora.

Udaltzaingoen Koordinazioko poltsatik hartutako 42 bitarteko udaltzain berri, 13 emakume eta 29 gizon, gehituko dira Bilboko Udaltzaingora. Horrela, bere plantilla nabarmen indartuko du Udaltzaingoak.

Agenterik gazteenak 20 urte ditu eta zaharrenak 39. Taldearen batezbestekoa 30 urtekoa da; horrela plantillako batez besteko adina murrizten da.

Agente berri hauen lehenengo taldea datorren astelehenean, urriak 17, hasiko da lanean. Gainerakoak, berriz, azaro hasieran sartuko dira. Gehienak auzo ikuskaritzetan arituko dira, eta prebentzio- eta zaintza-lanetan eta kaleak patruilatzen jardungo dute.

Agente berriek prestakuntza jaso dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta udalerriren batean lan egitearen esperientzia dute. Horrez gain, Bilboko Udaltzaingoak prestakuntza emango die. Zehazki, Udaltzaingoko irakasleek ikastaroak emango dizkiete Miribillako egoitza nagusian (bertan daude prestakuntza-gelak, tiro-galeria eta gimnasioa tatamiarekin).

Prestakuntzaren helburua da agente berriek lanpostuko funtzioak betetzeko ezagutzak, trebeziak eta gaitasunak bereganatzea, herritarrak babestu eta zerbitzatzeko eta uriko bizikidetza eta bizi-kalitatea hobetzeko, prebentzioko eta esku-hartzeko ekintzen bidez, betiere segurtasun publikoa begiratuz.

Prestakuntza hori bi zatitan banatu da; batetik, agenteei tiro-eskola teorikoak nahiz praktikoak emango zaizkie. Bestetik, Bilboko Udaltzaingoaren harrera plana eskainiko da, zenbait edukirekin, hala nola zerbitzuaren antolaketa, udal ordenantza, oinarrizko bizi-euskarria, barne komunikazioa, eta lehentasunezko eta berariazko protokolo eta prozedurak.

42 agente berri horiez gain, uztailean bitarteko 47 agente hasi ziren lanean hainbat ikuskaritzatan. Urte bukaeran beste 45 pertsona hasiko dira lanean (une honetan Arkauten prestakuntza jasotzen ari dira).

17/10/2022