Actualidad

45 kanpaina trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko

Un control de tráfico de la Ertzaintza

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 45 kanpaina jarriko dituzte martxan istripuak saihesteko arrisku-portaerak zaintzeko. Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak horrela adierazi du astearte honetan Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen Egutegia aurkeztean.

Arreta berezia eskainiko zaio aurten ere motor-gidarien kolektiboari, hildako-kopuru kezkagarria dela-eta, nahiz eta 2021ean (17) baino hiru motor-gidari gutxiago hil ziren 2022an (14). Era berean, areagotu egingo dira gidatzean arreta-galtzeak eta, bereziki, telefono mugikorra erabiltzen den zaintzeko kontrolak ere. Axolagabekeria horrek gidabaimeneko 6 puntu galtzea ekar dezake, eragin dezakeen arriskua dela eta.

Bide-segurtasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin, abiadura desegokia eta alkoholaren eta drogen kontsumoa kontrolatzen ere jarraituko da, arreta-galtzeekin batera Euskadin istripua eragin dezaketen arrisku-faktore nagusiak baitira.

Díaz de Corcuerak gogoratu du: “2022an 44 pertsona hil ziren Euskadiko errepideetan. Horietatik % 70 inguru kolektibo zaurgarriren batekoak ziren, gehienak oinezkoak (15) eta motor-gidariak (14). Nahiz eta hildako motor-gidarien kopurua jaitsi egin den, errealitate kezkagarria da. Datu horietan oinarrituta planifikatu dugun egutegi berrian arreta berezia eskainiko zaie kolektibo horren, motozikleten gidarien, istripuen prebentzioari eta arreta-galtzeei. Bestalde, abiaduraren eta alkoholaren eta drogen kontsumoa ere kontrolatuko dira, aipatutako arreta-galtzeekin batera Euskadin gertatzen diren trafiko-istripuetan errepikatzen diren faktoreak baitira. Hori guztia Zero Biktima Ikuspegiaren esparruan, iaz izenpetutako Bide Segurtasunaren Aldeko Itunean jasota dagoenari jarraituz”.

Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den lan-bileran Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariarekin batera izan dira Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Iñigo Ibarra Ertzaintzako Trafikoko Buruzagitza Nagusiko intendentea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak, bai eta Ertzaintzako trafikoko lurralde-unitateen arduradunak ere.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du eranskinean adierazten diren trafikoaren eta garraioaren zaintza eta kontrol kanpainen egutegiak onartzea 2023an. Kanpaina horiek Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateek gauzatuko dituzte, eta, hala dagokionean, ertzain-etxeetara atxikitako agenteek udaltzaingoekin lankidetzan.

25/01/2023