Azpeitiko Udalak 550.000 euro bideratu ditu 2022an “herriko ehun ekonomikoa sustatu eta indar-tzeko” helburuarekin. Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak asteazken honetan azaldu moduan, aurten “inoizko eskaera gehiena” jaso dituzte. Lau lerroan bereiztuta, 211 eskaera lagunduko dira diruz.
Alkortak urtez urte ematen diren laguntza “egonkortu” egin dela adierazi zuen: “Urtez urte gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu, eta horrek adierazten du laguntza horien beharra”.
2022. aurrekontuetan aurreikusi baino 150.000 gehiago jarri zituen udalak deialdia, denera 550.000 euro. “Iazko abenduan aurreikusi baino diru partida handiagoaarekin egin dugu deialdia, beharrak horrela eska-tzen zuelakoan. Izan ere, egoera ezegonkorrak bizi ditugu ekonomiari eta prezioei dagokionez. Inflazioak egoera gora beheratsuak sortu dizkizu aurtengoan, guztioi. Eta zer esanik ez sektore ekonomikoari”, azaldu zuen alkateak.
Azpeitiko Udalarentzat ezinbestekoa da tokiko ekonomia sustatzea eta laguntza hauen bitartez, herritar, sektore eta helburu desberdinei erantzutea lortzen da. “Urtez urte momentuko beharrei erreparatuz oinarriak egokitzen ditugu; aurten, zehazki, garraiolarientzako laguntza berezia jarri genuen eta baita jarduera berri bat irekitzeko alokairurako laguntza ere”, gaineratu zuen Nagore Alkortak.
Langabezia tasa ere eguneratu zuten asteazken honetan. Azaroko datuen arabera, Azpeitiko langabezia tasa %7,3koa da (gizonezkoena %5,2 eta emakumezkoena %9,6), hau da, Urola erdikoa (%7,4), Gipuzkoakoa (%8,2) eta EAEkoa (%10,3) baino baxuagoa. “Zenbaki horren atzean azpeitiarrak daude eta horri aurre egiteko lanean jarraituko dugu, sustapen ekonomikoan eragiten eta babes soziala eskaintzen”, amaitu zuen alkateak.