Amets bat zuen Iñaki Miguel musikari eta managerrak, eta, bere ekoiztetxea baliatuta, bete egin du: The Spolem Girls. Retro Musika du izena ekoiztetxeak, eta izenak berak adierazten du zein den lantzen duen musika estiloa. Hala, estilo horrekiko fideltasuna erakusten du, baita ere, The Spolem Girls proiektuak. Hain zuzen, 60ko hamarkadako estilo purueneko pop abesti eta bertsioen emakumezko ahots taldea da. “Niretzat amets bat zen halako proiektu bat egitea, ahots-armoniekin eta 60ko hamarkadako musikarekin. Momentua iritsi zen eta casting bat egin nuen”, azaldu du. Iragarki bat jarri zuen sare sozialetan eta 60 neska inguruk erantzun zioten deialdiari. “Nik banuen errepertorioa lehendik eginda, abestien konponketekin. Proiektuaren ideia argi neukan eta ahotsak behar nituen. Beraz, zer behar zuen eta zer lortu nahi zuen argi izanda, lau neska aukeratu zituen. Hain zuzen, Nahiari Berasategi, Naroa Soro, Sara Grajal eta Amaia Garriz dira gaur egun The Spolem Girls.
Nolako ahotsak behar zituen bazekien Iñaki Miguelek hasieratik, baita lau ahots beharko zituela ere. “Azken batean, lau mezzosoprano behar genituen eta ondo aukeratu genituen ahotsak. Laurak oso profesionalak dira, ahots oso politak; bakoitzak bere berezitasunak ditu baina abesteko teknika behar nuen: bibrazioa, ahotsa ondo kolokatzea, ondo arnastea… Gauza horiek kontuan izanda egin genuen aukeraketa eta hasieratik primeran moldatu dira. Garrantzitsua zen, baita, armoniak egin ahal izatea, ez baita erraza beste hiru ahotsekin batera abestea”, argitu du Miguelek.
2021eko otsailean hasi zen The Spolem Girls proiektua, eta urte bereko abendu hasieran eman zuten lehenengo kontzertua. Ondoren, Gabonetako bira eskaini zuten eta aurten Gabonetako bigarren bira egin dute Euskal Herrian zehar. “Tartean, udaberrian eta udan ere kontzertu asko eman ditugu. Neskak oso ondo moldatzen dira, pozik daude eta egiten dugun musika ona da. Oso ondo joan da dena”.
Bertsioetatik propioetara
60ko hamarkadako talde ezagunen bertsioak kantatu dituzte orain arte: The Shirelles, The Ronettes, The Supremes… Abesti ezagunak eta estilo desberdinetakoak hautatzen saiatu da Miguel emanaldiak prestatzeko. “Egin nahi nuen errepertorioa izan behar zen dibertigarria, erritmozkoa eta ezaguna, publikoak abestiak identifikatzeko. Abesti lasaiak ere behar genituen, baladak. Azken batean, banekien nolako emanaldia egin nahi nuen eta dena kontuan hartuta marraztu nuen bidea”, kontatu du. Adibidez, Gabonetan, kantatu dituzten abestiak Gabon kanta famatuak dira: Blue Christmas, White christmas, I’ll be home for Christmas edota Jingle Bell Rock, besteren artean. Moldaketekin pozik dauden arren, 2023an abesti berriak sortuko dituzte.
Hain zuzen, abesti propioak sortzea da managerraren asmoa. “Musika nik egingo dut, nire bizitza osoan holako musika entzun dudalako eta pianoan jartzen naizenean estilo hori delako ateratzen zaidana. Beraz, The Spolem Girls taldearentzat konposatzea niretzat oso erraza da, nik buruan ditudan melodiak, armoniak eta musika azaleraztea besterik ez da”. Bestalde, lau abeslariak arduratuko dira letrak sortzeaz. “Gazteak dira, eta ea nolako mezuak idazten dituzten. Interesgarria izango da; izan ere, 60ko hamarkadako garai haietan mezu batzuk zabaltzen ziren eta ikus dezagun 2023an gazteek nolako mezuak idazten dituzten”, azaldu du Miguelek. Koreografiak diseinatzeaz ere, orain arte bezala, taldeko lau kideak arduratuko dira.
Spolem-go nesken omenez
Mezuak mezu, The Spolem Girls proiektuak berak ere badu bere esanahia. Miguelek azaldu du Spolem hitzak berak ez duela itzulpenik edo inolako esanahirik eta, hain zuzen, taldearen izenak Krakoviako (Polonia) pub bati egiten diola erreferentzia. Pub horretan 60ko hamarkadako musika entzuten da, eta Krakovian bizi izan zen bi urteetan hara joaten zen Iñaki Miguel. “The Spolem Girls klub horretara joaten ziren ehunka nesken omenez da”, azaldu du.
Hala, XXI. mende hasiera honetan, gero eta anitzagoa den musika eszenan hutsune bat bete du The Spolem Girls proiektuak: “Gaur egun badaude tributu taldeak, blues taldeak, edo blues, funky, soul musika egiten dutenak ere. Baina gurea bezalako talde bat hemen ez dago, inoiz ez da egon eta hutsune hori bai bete dugula esango nuke”.
Spotify eta Youtube plataformetan entzun daiteke The Spolem Girls, eta disko fisikoa zuzenekoetan edo Retro Musika ekoiztetxearen Instagram kontuan eskaria eginda erosi daiteke.
60ko hamarkadako talde ezagunen bertsioak abesten dituzte, eta aurten euren abesti propioak sortzen ere hasiko da laukotea