Portugaletek 64 plaza izango dituen bizikletarentzako aparkaleku seguru bat eraikiko du Pando Aisia udal kiroldegiaren ondoan. Aparkaleku hau Bizkaiko Foru Aldundiaren BiziPark sareko ekipamendurik handiena izango da. Astearte honetan goizean, martxoak 21, aurkeztu egin dute proiektua Miguel Ángel Gómez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, eta Mikel Torresek, Portugaleteko alkateak.
Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Foru Sailak 85.000 euroko dirulaguntza emango du instalazio osoa jartzeko, eta Portugaleteko Udala arduratuko da hura egokitzeko lanez, bai eta hitzarmena indarrean egongo den lau urteetan hura kudeatzeaz eta mantentzeaz ere.
Demuporsa udal kirol elkarteak 2024ko martxoaren 31ra arteko epea izango du kokalekua kiroldegiko aparkalekuaren barruan egokitzeko, ibilgailuentzako hiru aparkalekuk eta eranskinek okupatzen dituzten espazioan.
"Portugaleteko Udalarekin lortutako akordioa beste urrats bat da Bizkaian ohiko garraiobide gisa bakarrik edo beste garraiobide publiko batzuekin batera bizikletaren erabilera erraztuko duten azpiegituren sare zabala sortzeko" adierazi du Gómez Viar diputatuak. "Eta esperientziak erakusten digu hori egiteko modu on bat toki-erakundeei horrelako ekipamenduak eraikitzen zuzenean laguntzea dela".
BiziPark - Portugalete berria Foru Aldundiaren laguntzarekin gaituko den bizikletentzako zortzigarren aparkalekua izango da. Lehenengoa uztailetik martxan dago Ermuan, eta beste seiak, Barakaldon, Gueñesen, Derion, Zallan, Abadiñon eta Bermeon, oraindik eraikitzen ari dira.
Gómez Viarrek nabarmendu duenez "200 aparkaleku baino gehiago daude Bizkaiko eskualde guztietan, tren-geltokietatik, metro-geltokietatik, bidegorrietatik edo udal-kiroldegi gisa erabiltzen diren azpiegituretatik gertu herritarrek bizikleta modu eroso eta seguruan erabil dezaten".
Orain arte bultzatutako bizikletentzako aparkaleku seguru guztiek bezala Portugaletekoak ere sarbideak kontrolatzeko sistema eta kudeaketarako softwarea izango ditu, Internet bidezko konexioa barne. Era berean, barne-argiztapen iraunkorreko sistema; erabiltzaileek objektuak modu seguruan utzi ahal izateko gutxienez suaren aurkako segurtasuneko 8 armairu banakako hartune elektrikoarekin; eta Kiroldegiko telebista-zirkuitu itxiaren sistemara konektatutako kameren bidezko zaintza-sistema izango ditu.
Gainera gunea pertsonalizatuta egongo da, Bizkaiko BiziPark guztien irudirako Bizkaiko Foru Aldundiak emandako argibideei jarraituz.
16 urtetik gorako edozein pertsonak, Portugaleten bizi izan edo ez, plaza horietako bat erabiltzeko eskatu ahal izango du. Eskaeren kopurua 64 plaza baino gehiagokoa bada, zozketa egingo da.
Aurreikuspenen arabera sistemak urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan funtzionatuko du, eta tarifa hauek izango ditu: 4 € hilabete bakoitzeko; 10 € hiruhileko bakoitzeko; 20 € seihileko bakoitzeko eta 40 euro urte osorako. Gutxienez 14 egunean behin erabili behar da bizikleta, aparkalekua bizikleta-biltegi zaindua bihur ez dadin.
BizkaiBizi
Portugalete, gainera, Bizkaiko Bizikleta Publikoaren Zerbitzua (BizkaiBizi) zabalduko den 9 udalerrietako bat da; zerbitzu hau ere Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta garatu da.
Aurten bertan 45 bizikleta elektriko eta 7 ainguratze-estazio izango ditu, non zerbitzuaren erabiltzaile orok bizikleta publikoa erabili ahal izango duen bere joan-etorrietarako, udalerri barruan edo BizkaiBizi sistemaren barruan dauden beste edozeinetan.
Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko bi gune ere baditu, foru-laguntzarekin instalatu direnak. Lehenengoa, 2020ko abendutik esperientzia pilotu gisa instalatua, Ganerantz parkearen goiko aldean dagoen biribilgunearen ondoan, eta bigarrena, Rivasen.