Haiekin Animalien kontzientziarantz elkarteak legeak hobetzeko helburuarekin jaio zen animalien babesean aurrera egiteko legezko tresnak sortzeko. Bere lehentasunetako bat da administrazioarekin elkarlanean aritzea legeak eta ordenantzak egiteko, animalien ongizateari dagokionez gaur egun indarrean daudenak hobetzea eta horiek betetzea eska-tzea. Eta, oro har, animalien egoerari eta animalien babesari, defentsari eta arretari buruzko informazioa bultzatu eta sustatzea.
Zer balorazio egiten duzu Haiekin elkartearen lehendakari gisa lege berriari buruz?
–Aurrerapen bat da, orain arte genuen legearekin alderatuz. Gauza positiboak dituen legea da, baina beste batzuekin garapen-araudien zain egon beharko da benetako balorazioa egiteko. Lau araudi falta dira. Erregelamendu orokorrak hainbat alderditan emango dio forma legeari. Besteak beste, etxe- animaliak hazteko baldintzak, emeen indarberritze fisiologikoa, eta abar. Era berean, txakurrak eta katuak dendetan fisikoki egoteko baldintzak, animalia horiek katalogoen bidez bakarrik saltzeko betebeharra paperean gera ez dadin. Beste hiru erregelamenduek, bat foru aldundi bakoitzeko, etxe-animalien hazkuntza arautuko dute, eta erregistro mota hazleen-tzat egingo da. Oso larria litzateke etxe partikularretan hazi eta gero kanpoan saltzea, ikuskapenak saihestuko bailituzke eta ezkutuko ekonomia eta animalien tratu txarrak sustatuko lirateke.
Lege hori da zuek eta animalien aldeko elkarteek eskatzen zenutena?
–Ez da eskatzen genuen guztia, baina zenbait gauza garrantzitsu onartu dira. Lehena izan da lege maskotista bat ez izatea, eta etxeko animalia, basa-animalia eta kaleko guztiak babestea. Lehentasuna zen, halaber, uso-tiroa debekatzea. Ez da ulergarria egun bizi garen mendean oraindik zentzurik gabeko krudelkeria horri eustea. Eta, batez ere, ehiza-txakurrak ez dira baztertuko, ezta babesik gabe utziko ere.
Elkarteak eskatzen jarraitzen duen gauza garrantzitsuak geratu dira lege berrian sartu gabe?
–Bai, gauza garrantzitsuak geratu dira lege berrian sartu gabe, eta elkartetik arbuiatzen ditugun gauzak ere sartu dira. Adibidez, ez dute barne hartu legea indarrean sar-tzean jaio diren katu eta hudoien identifikazioa, ez dira nahitaez identifikatu beharko erregelamendua onartu arte. Hudoiak etxe-animalien definizioan sartu dituzte, ehiztariei atsegin emateko. 33 urte dira hudoiekin ehizatzea debekatuta dagoela, metodo ez-selektiboa eta biodibertsitaterako arazo larria delako. Eta ez gaude ados txakurrak bereiztearekin.
Zenbat animalia abandonatzen dira urtean?
–Oso zaila da kopuru erreala ezar-tzea; izan ere, askotan, elkarteek edo partikularrek bildutako animaliak dira, gastu guztiak ordaintzen dituztenak, eta animalia horiek ez dira kontuan hartzen abandonu-estatistikan. Baina zazpi mila txakur abandonatu direla uste dugu, kalkuluen arabera. Katuen ehunekoa are handiagoa da, baina kalkulatzeko ere zailagoa da, identifikatuta ez daudenez, kaleetan bizi diren katuekin nahasten baita beraz ezin dugu jakin.