Bizkaia

700.000 euroko diru-hornidura euskara ikasteko

Bilbao

Joan den urtean, Bilboko Udalak 220.000 euro zuzendu zituen euskara ikasteko dirulaguntzen programarako. Aurten, aurreko ekitaldian baino % 218 gehiago bereiziko du, hau da, euskara ikasteko dirulaguntzen programak 700.000 euroko diru-hornidura izango du.

Laguntza hauek aurreko edizioetako kolektibo berberei zuzentzen zaizkie: gurasoei, aisialdiko edo kiroleko begiraleei eta deialdian ezarritako muga gainditzen ez duten errentak dituzten familia-unitateetako kideei, baina baldintzak malgutu egin dira. Alde batetik, onuradunak izan daitezke, aisialdiko edo kiroleko begirale-titulua dutenak ez ezik, ikasketa horiek egiten ari direnak ere, eta, bestetik, laguntzak jasotzeko gehieneko errenta handitu da: 22.239 euro, kide bakarreko unitateentzat; 37.962 euro, 2 kideko unitateentzat; 51.528 euro, 3 kideko unitateentzat; 61.194 euro, 4 kideko unitateentzat, eta 68.397 euro, 5 kideko unitateentzat.

Aurrekontua handituz eta eskakizunak malgutuz, Udalak onuradun kopurua handitzea nahi du. Onuradunek 400 eta 1.200 euro artean jasoko dituzte, ikasturte akademikoan gainditzen dituzten mailen arabera, baldin eta eskolen % 70era edo gehiagora badoaz.

Aurrekontua handituta, Udalak euskararekiko konpromisoa sendotu du, eta euskararen erabilera sustatu du haur eta gazteei hizkuntza transmititzeko garaian eragin handiena duten kolektiboen artean, bilbotarren eguneroko ekintzetan komunikazio-hizkuntza izan dadin.

ESKAERA ETA EPEAK

Laguntzen deialdia apirilaren amaieran argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun balioduneko epea hasiko da eskaerak aurkezteko, zeinak bi modutan aurkeztu ahal izango baitira:

  • online, www.bilbao.eus udal webgunean, agendaren atalean. Bertan, BakQ sistema, ziurtagiri digital aitortua (NAN, Izenpe) edo Bilboko Udalak emandako web-sarbidearen gakoa erabili ahal izango dira.
  • edo San Agustineko bulegoan edo barrutiko beste udal-bulego batzuetan erregistratuta. Kasu horretan, nahitaez eskatu behar da aurretiko hitzordua udalaren webgunean edo 94 4 010 010/010 telefonoan.

Ezinbestekoa da, gainera, Bilbon erroldatuta egotea eta 2022-2023 ikasturtean euskara eskolak jaso izana.

Joan den ikasturtean, 220.000 euroko aurrekontuarekin, 388 pertsonak jaso zuten dirulaguntza hori, gehienak gurasoak. Edizio honetan onuradunak askoz gehiago izatea espero da.

Euskara ikasteko laguntza da Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) helburuetako bat.

30/03/2023