Azken bi urteetan mantendutako itxaronaldiak amaiera izango du aurki eta lekeitiarrek irailaren 1etik 8ra bitartean berriro ere ospatuko dituzte San Antolin jaiak. “Aurtengoan 172.000 mila euro inguru erabiliko dira jaien programaren barnean egingo diren 72 ekintzak aurrera eramateko”, 2019an izandakoaren antzera. Udaleko arduradunek zera azaldu dute: “aurten ere esfortzu berezia egin da jaietako ekintzetan aniztasun handia egoteko eta denontzako festak antolatzeko”. Honen islada dira antolatutako musika emanaldiak –Chill Mafia, Oxabi, Skakeitan...–, kirol ekimenak, kalejirak edota gastronomia lehiaketak. Eta nola ez, hain berezia den irailaren 5a. Orduantxe izango da aukera Antzar Egunaz gozatzeko, aurtengoan berritasunez beteta datorrena.
Egitaraua astelehenean izango dute herritarrek euren eskuen artean. Baina egun bakoitzaren laburpoena egin dute. Jaiak, ohi legez, irailaren 1ean hasiko dira jaiak. “Herriko jaiei ongi etorria emateko, egun hau musikaz josiko da herriko hainbat gunetan. Buruhandi eta erraldoiak izango ditugu eta noski kuadrilen bajada, Lekittoko musika banda eta Aittitta Makurra txarangarekin. Ondoren, 20:00etan, Anterorekin eta aurten txupina botako duen Pedro Zabala Telleriarekin, jaiei ofizialki hasiera emango diegu”. Irailaren 2an –San Antolin eguna–, bestetik, “agintarien prozesioa eta meza, Lekitto musika bandaren kontzertua, esku pelota partiduak, txapel jaurtiketa, bertsolariak, Abba taldearen tributua eta su artifizialak izango ditugu. Ondoren Silitia eta Chill Mafia taldeen kontzertuak”.
Irailaren 3a kirolarentzako espresuki antolatutako jardunaldia izango da, txirrindulari lasterketa, futbol partiduak, emakumeen esku pelota torneoa edota gazte akuatloia izango direlako. Eta hurrengo egunean , antzar eguneko prestaketei ekingo diete. Izan ere Antzar Jokuaren parte hartzaileen izen-emateari ekingo zaio. Hala ere, beste zenbait gozagarri izango dira, paella txapelketa, herri bazkaria, mus txapelketa edota play back lehiaketa plazan, adibidez. Egun handia irailaren 5ekoa izango da, Antzar eguna eta masta punta izango direlarik. “Lekeitiorentzat hain berezia den egun honetan, jende kopuru handia izango dugu gure herrian eta horren aurrean segurtasun neurri bereziak hartuko dira jaia ondo baino hobeto irten dadin”. Dantza Alai orkestra Zapaterito frontoian isango da eta Independentziaren plazan, bestetik, Skakeitan, Trikizio eta Oxabi taldeen emanaldiak izango dira.
Egun handi honen garrantziak datu baten ematen du: “2019an 14.200 kilo zabor batu ziren guztira, horietatik erdia, 7.680 kilo, Antzar Egunaren ostean”. Bada, Udaletik jai garbiak izateko deialdia luzatu dute. “Festetara hurbiltzen den jendea kon-tzientziatzea nahi da eta zaborrak dagokion edukiontzietara botatzea eskatzen da. Itsasora botatzen diren hondakinak ingurugiroari eragiten diote zuzenean eta noski, guri ere”. Eta segurtasunari dagokionez, sarbideak “10:00etatik 24:00etara ixtea” erabaki dute, “erdigunea ordu gehiagoz itxiz segurtasun-dispositiboko arduradunek hala erabakitzen badute, uneko jende pilaketaren arabera”.
San Antolin jaiek beste hiru jardunaldi izango dituzte aurretik. Eta horietan ondo pasatzeko proposamen ugari luzatuko dira, batez ere herriko txikienentzako. Irailaren 6an, umeen eguna izanik, “beraien-tzako aproposak diren ekintzak izango dira”; eta hurrengo egunean “buruhandiak eta erraldoiak, umeentzako jolasak eta kantuzaleak izango dira. Azkenik, irailaren 8a, jaien azken egunean, eta San Antolinei behar bezalako amaiera eman ahal izateko “txistularien kalejira, umeentzako jolasak, nagusien bazkaria, suzko zezena, Anteroren ezkutatzea eta koittadua” izango dira.