Bizkaia

9.808,1 milioi euroko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du Bizkaiak 2023rako

Unai Rementeria eta José María Iruarrizaga.

9.808,1 milioi euroko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu berri du ostiral honetan Bizkaiko Foru Aldundiak datorren ekitaldirako. Horrek ezan nahi du foru aurrekontua % 10,4 hazi dela, 2022ko ekitaldikoarekin alderatuz.

Kopuru horretatik, konpromiso instituzionalak eta konprometitutako beste gastu batzuk bete ondoren, Foru Aldundiko sailek 1.540,5 milioi euro izango dituzte, 2022an baino % 5,5 gehiago.

Aurrekontuen proiektua Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko da orain, foru diputatuen agerraldiekin, sail bakoitzari dagozkion partidak zehaztuz.

Nolanahi ere, Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, aurreratu du Aldundiak prestatu duen aurrekontuaren helburua "zerbitzu publikoak babestea, Bizkaiko bizi-kalitatea blindatzea, gizarte moduan hobetzen jarraitzea eta lurraldea modernizatzen jarraitzea" dela. Horretarako, beste partida batzuen artean, Gizarte Ekintzara bideratzen diren 625 milioi euroak, aurrekontuaren % 41, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako 200 milioi euroak edo jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen duten inbertsioetarako 384 milioiak nabarmendu ditu.

Sarrerak

Jose María Iruarrizagak, Ogasun eta Finantza diputatuak, zehaztu duenez, 9.808,1 milioi euroko diru-sarreren aurreikuspena zerga itunduen bilketaren aurreikuspenean oinarritzen da batez ere, finantzaketaren % 95,6 ematen baitute. Halaber, itundu gabeko diru-sarreren bidezko finantzaketa handiagoa aurreikusten du, eta zorpetzea murrizten du. 2023rako Bizkaiak 226 milioi euroko zor jaulkipena aurreikusten du, aurreko urtean baino 9 milioi gutxiago.

Konprometitutako gastuak

Gastuen atalean erakundeen konpromisoen partida guztiak gehitu dira 2022rekin alderatuta, hala nola Kupoa, horren arabera Bizkaiak 705,1 milioi euro ordainduko dizkio Estatuari, edo Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak, guztira 6.027,3 milioi. Bizkaiko 112 udalerrien finantzaketa mila milioi eurotik gorakoa da lehen aldiz.

Aldundiak, halaber, zor publikoaren amortizazioa eta langile-gastuetarako partida handituko ditu, % 5 haziz.

Sailek eskuragarri dutena

Konprometitutako gastu guztiak bete ondoren foru sailetarako erabilgarri dagoena 1.540.5 milioi euro da. Foru Aldundiko bederatzi sailek 2022an baino 80,7 milioi gehiago izango dituzte, hau da, % 5,5eko igoera, sail guztietako partidetan islatzen dena.

Inflazioari aurre egiteko zerga-neurriak

Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, adierazi du aurrekontuen proiektua egiterakoan "Aldundia oso jakitun dela sortzen ari diren ziurgabetasunez, ekonomiarentzako mehatxu globalek Bizkaiari eragin baitiezaiokete". Kasu honetan, esan duenez, "aurrekontu honek zuloa gainditzen lagun diezaguke. Erakutsi dugu erreakzionatzeko gaitasuna dugula", eta aurreratu du 2023rako Bizkaiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren Aurreproiektuak Bizkaiko pertsonei inflazio handiko une hau igarotzen laguntzeko zerga-neurri sorta jasotzen duela.

  • PFEZn % 2ko deflaktazioa, oinarri orokorreko tarifan, zerga bateratuen murrizketan, kuotaren murrizketan eta kenkari pertsonal eta familiarretan aplikatzen dena. Halaber, 2023ko atxikipenen taulan aplikatuko da.
  • Aparteko kenkaria PFEZn, 200 eurokoa, 30.000 eurora arteko errentak dituzten pertsona guztientzat. 30.000 eurotik aurrera kenkari horren zenbatekoa gutxituz doa pixkanaka, 35.000 eurotik gorako oinarria duten aitorpenetarako desagertu arte.
  • Autonomoek eta mikroenpresek PFEZn eta sozietateetan beren zerga-oinarria murrizteko erabiltzen duten gastu-forfaita handitzea. 2023an luzatu egiten da autonomo eta mikroenpresa guztien gastu-forfaita % 15era arte, eta salgaien errepideko garraioetako, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreen gastu-forfaita % 70era arte.
  • Tasak, prezio publikoak eta katastroko balioak dauden moduan uztea. 2023an Aldundiak ez ditu eguneratuko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga kalkulatzeko erreferentziatzat hartzen diren tasak eta prezio publikoak, ezta katastro-balioak ere.
01/11/2022