Buscar
Gipuzkoa

A-636ko bidesarien aurkako taldeak lanean jarraituko du

Plataformako kideetako batzuk, asteazkeneko agerraldian.
Plataformako kideetako batzuk, asteazkeneko agerraldian.

zumarraga – Gaizki ulertu bat medio, astearteko egunkarian A-636 errepideko bidesarien aurkako plataformak bere jarduna eten duela argitaratu zen. Ez da hala. Asteazken iluntzean agerraldia egin zuten lanean jarraituko dutela argi uzteko eta herritarrei batzar ireki batera gonbida-tzeko. Hilaren 29an izango da, 11.00etan, Zumarragako kultur etxean.

Edu Reguero eta Jokine Lizarralde plataformako kideek hartu zuten hi-tza. Bidesaria asteartean ezarri zuten eta ondorioak nabarmenak direla esan zuten: "Errepide zaharrean trafiko gehiago dago eta hori arriskutsua da. Zerbait gertatzen bada, nork hartuko du ardura bere gain? Aldundiak? Alkateek?", esan zuen Reguerok.

Lizarraldek dagoeneko txirrindulari batek Eitzako igoeran susto handia izan duela gehitu zuen. "Jendea autobidera ohitu da eta ez da egokitu oraindik errepide zaharrera. Gainera, errepide zaharrean aldaketak egin dituzte oinezkoei lehentasuna emateko eta horrek egoera bideraezina bilakatu du. Errepide alternatiborik gabe utzi gaituzte".

Lanean jarraituko dutela aurreratu zuten: "Gure helburua ez da bidesaria kentzea bakarrik. Beste helburu asko ditugu. Horien artean, Oiarbide andrearen gezurrak agerian uztea. Bidesaria Europak behartuta jarri dela esan du eta hori ez da hala. Gure beste helburu bat, bertako politikariak beraien postura azaltzera behartzea izan da. Osoko bilkuretan bidesariak ezartzea defendatu dute. Esan bezala, gure helburua ez da bidesariak kentzea bakarrik. Bidesariez hitz egin nahi dugu: zergatik ezartzen diren, zergatik zigortzen dituzten langileak eta ikasleak... Horren inguruko eztabaida piztu nahi dugu. Jendea inoiz baino haserreago dago eta inoiz baino lanerako gogo handiagoa du".

Reguerok Oiarbideren "gezurra" zigortu beharra dagoela gehitu zuen. "Ezin da zigorrik gabe gelditu. Gezurrak ondorioak izan behar ditu. Berak eta gure udaletako agintariek hau guztia hauteskundeetan ordaintzea espero dugu. Osoko bilkuretara alkateen babesaren bila joan ginen eta kolpe gogorra jaso genuen. Baina elkartzen bagara eta zarata ateratzen badugu, erabakia atzera botatzea lor dezakegu. Epe luzeko lasterketa da. Aldundiko azken botazioan alderdi batzuk bidesari hauen aurka bozkatu zuten".

2022-01-23T10:57:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo