Katixa Agirre idazle arabarrak helduentzako liburu berri bat atera du berriro, Berriz Zentauro izenekoa. Bi aste inguru daramatza liburu-dendetan salgai, eta idazleak DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariari aitortu dio oso kritika onak jaso dituela Txalapartaren eskutik argitaratutako lan horretaz.
XXI. mendearen erditsuan kokatzen da liburua. Egun ezagutzen den mundua aldatu egin da, “baina ez asko. Edo bai”. Paula Pagaldaik proiektu pedagogikoak sortzen ditu, errealitate birtualaren laguntzaz. Halako baterako inspirazio eta datu bila joan da Parisera, gaur egun turismoa ia desagerturik dagoen arren. Lehenengo feministatzat hartu ohi den Mary Wollstonecraft idazlearen bizitza eta Frantziako Iraultza ikertzea du helburu. “Protagonistaren ibilerek zer pentsatua emango digute beste hainbat gairen gainean: generoen arteko muga zurrunak eta horiek gainditzeko posibilitateak, iraganarekin daukagun harremana, bikote batek irauteko dituen zailtasunak, errebeldiaren eta erosotasunaren arteko oreka zailak?”, azaltzen da liburuan. Nobela berri hau, abenturaz eta gogoetaz betea, intelektuala bezain sentsualatzat katalogatua izan da. “Liburu honetan gogoetei buruz hitz egiten dut, gaur ezagutzen dugunaz oso aldatuta egongo den gizarte batean kontatzen dut istorioa. Adibidez, pertsonen arteko harremanak gaur egungoak ez bezalakoak izango dira”, azaldu du Katixa Agirrek egunkari honetan. Fikziozko istorioak dira, idazlearen irudimenetik sortuak, baina etorkizun erreal baten antza izan dezaketenak. Adibidez, lan honetan ia ez da turismorik egiten, eta gizarte-harremanak, bereziki, teknologiaren bidez egiten dira. “Liburua fikzioa da, nik asmatu dudalako, baina pentsatzen dut gauza posible batzuk daudela, mundua gaur egun nola doan ikusita, zein bide dagoen ikusita, joera batzuk identifika daitezkela, eta horietako batzuei heldu diet nobelan”, azaldu du.
Irakaslea, haur-ipuinen idazlea eta eleberrien idazlea, eta ama, Katixa Agirrek denbora guztia aprobetxatzen du haurrentzako zein helduentzako istorio berriak idazten joateko. Izan ere, idaztea txikitatik duen pasio handia dela dio. Lehen eleberria 25 urterekin argitaratu zuen, eta, ordutik, nazioartean sarituak eta baloratuak izan diren liburu asko argitaratzea lortu du. Sua falta zaigu (Elkar, 2007), Habitat (Elkar, 2009), Amaia Lapitz eta erregina gorriaren hilobia (Elkar, 2010), Amaia Lapitz eta Kartagoko ermandade sekretua (Elkar, 2013), Amaia Lapitz eta Marioren proiektua (Elkar, 2015), Atertu arte itxaron (Elkar, 2015) eta Amek ez dute (Editorial Tránsito, 2019) liburuak argitaratu ditu, besteak beste. Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, 2015. urtean euskarazko lan onenaren 111. Akademia saria jaso zuen Atertu arte itxaron liburuagatik. Hain zuzen ere, idazle gasteiztarra hautatu berri dute New York Times egunkariko kritikari eta editoreek ingelesez gomendatutako liburuen sailean, jatorriz euskaraz argitaratutako Amek ez dute eleberriagatik. Katie Whittemorek itzuli du ingelesera eta uztailean kaleratu berri dute merkatu anglosaxoira, Mothers don اt izenburupean. Ildo horretatik, Katixa Agirrek dio oso pozik sentitzen dela aintzatespen horrekin. “Ez nuen espero, eta harro egoteko modukoa da liburu hau ingelesera itzuli eta han errekonozitu izana. Ez nukeen inoiz imajinatuko “, dio berak.
Katixa Agirrek liburu hau egiten eman duen denborari dagokionez, bere esperientzia zabala azpimarratu behar da, izan ere, profesionalak dio “denbora gutxien behar izan dudan” liburua dela. Zehazki, urtebete inguru behar izan du istorioa buruan sortzeko eta beste urte bat idazteko. Eta aitortzen du liburu bat idazten hasten denean berarentzat zailena motibazioa une oro mantentzea dela, ez baitaki arrakasta izango duen edo merezi izango duen. Hala ere, oraingoz jasotako balorazioek erakusten dute, beste behin ere, bere lanek arrakastari eusten diotela.