Cultura

“Abestiek hitz egiten dute nahi eta ezinak sortzen duenfrustrazioaz, eta hori harreman desberdinetan gertatu daiteke, lagun artekoetan ere bai”

Sentimendu gazi-goxoen barna bidaiatzeko aukera eskaintzen du Eider Saez musikariaren lehen disko luzeak. ‘Nola aldatu gara?’ lanean erritmo sendoak ezartzen du melodietan sustraitzen den ahots esanguratsu eta ezti baten oinarria
Eider Saez, musikaria
Eider Saez, musikaria

Eider Saez musikari eta abeslari lazkaotarrak lehen disko luzea kaleratu berri du: Nola aldatu gara? Letretan jorratutako intimismoak ez ditu albora-tzen jendearengana iristeko bide en-tzungarriagoak. Euskaraz eta gaztelaniaz kantatzeko konplexurik gabe, harremanen arteko hausturez eta zirrikituez ari zaigu. Dagoeneko abiatu du zuzenekoen bira.

Nolakoa izan da lehen disko luzea grabatzearen prozesua?

Prozesua oso aberasgarria eta lasaia izan da. Atera nuen lehen EPa nahiko esperimentala izan zen, baina disko honekin ideiak oso argi neuzkan. Nire lehen diskoa balitz bezala egin dut disko hau: argi neukan zer kontatu nahi nuen eta ze unibertso sortu nahi nuen bai soinu aldetik eta baita estetikoki ere. Iker Villa eta Oihan Moreno ekoizleekin egin dut lan eta hasieratik ulertu zuten nire ikuspegia eta momentu oro errespetatu dute. Oso pozik geratu gara denok emaitzarekin.

Nogen taldea utzi zenuenetik egindako bidearen nondik norakoaren berri ematerik?

Nogen taldean asko ikasi nuen, baina nire burua ere mugara eraman nuela sentitzen dut, nire esku zeuden eta ez zeuden hainbat zirkunstantzia eta arrazoirengatik. Disko berriak hein batean horretaz hitz egiten du, izan ere, sortzen ari nintzela sendatuta nituen zauri asko guztiz sendatuta ez zeudela konturatu nintzen, eta nonbaitetik irten beharra zutela. Taldea utzi nuenean ez nuen musikaz ezer jakin nahi, baina pixkanaka betiko lagunekin elkartzen hasi nintzen berriz ere, eta, musikarekiko maitasuna berreskuratzen. Hortik aurrera animatu nintzen bakarka hastera.

Diskoak badu, oro har, erritmoari dagokionez, oinarri sendo bat eta gero zure ahotsa gailentzen da melodiarekin bat eginez.

Bai, abesti guztiak lotuta daudela sentitzen dut nik. Ahotsak espazio handia dauka, bai ahots nagusiak eta baita koruek ere, eta gero abesti bakoi-tza geruza desberdinetan garatzen doa. Diskoa nahiko introspektiboa eta sentibera den arren, nostalgia hori erritmo nahiko sendoekin kontrajar-tzen da eta nik uste dut hordagoela disko honen aberastasuna, abesti bakoitzaren garapen horretan.

Marenekin grabatutako ´Negua’ kantuan barnerako begirada bat nabaritu daiteke.

Bai, diskoan orokorrean barruan neuzkan mamu guztiak biluzik utzi ditudala sentitzen dut. Ez nuen uste inoiz hainbeste erakutsiko nituela nire sentimendurik sakonenak jendaurrean, baina egin behar nuen zerbait dela sentitu nuen. Disko honetan daude nire auto-zalantza gordinenak, iraganeko zauriak, etorkizunerako galderak... Nik uste dut, hein batean, denok ditugula antzeko kezkak, baina altuan esatea edo erakustea ez da beti erraza. Marenek segituan ulertu zuen abestia eta oso esperientzia polita izan da berarekin kontatzea Negua-n.

Zeintzuk dira une honetan kantuetan jorratu nahi dituzun gaiak?Badago maitasunaren ezintasunari edo harremanen gazi-goxoari kantatzeko joera bat.

Bai, hala da, baina maitasuna orokorrean ulertuta, hau da, bikote harreman batera mugatu gabe. Abestiek hitz egiten dute nahi eta ezinak sortzen duen frustrazioaz, eta hori harreman desberdinetan gertatu daiteke, lagun artekoetan ere bai. Esan bezala, aurreko urteetako hainbat zauri zabalik neuzkan oraindik, eta abesti hauekin nolabaiteko itxiera eman diet.

Youtube moduko plataformetan dago ikusgai jada, nola landu duzue irudia, arestian aipatutako kantuan koloreen lanketa berezi egin duzue? 

Argi neukan eboluzioa irudikatu nahi nuela disko honekin, eta esan didate beste heldutasun bat nabari dela. Hori da, hain zuzen, lortu nahi nuena, eta iruditeriak asko laguntzen du horretan. Andoni Clavorekin landu dut estetika orokorra, nostalgikoagoa, hotzagoa, argiaren eta itzalaren arteko kontraste hori, eta Iñigo Aramburuk egin ditu estilismoak. Talde sortzaile polita osatu dugu eta emaitza landua horri esker da.

Nola ikusten duzu entzuleari iritsi beharraren eta norbere hautaketa pertsonalaren arteko talka?

Disko hau niretzat egin dut. Nik uste dut bihotzetik eta zure buruarekiko duzun konexiotik idatzitako abestiak hobe iristen direla entzuleengana ere, azken finean, guztiok gara pertsonak eta sentitzen ditugu gauzak era batera edo bestera. Oso garrantzitsua izan da niretzat ni gustura geratzea diskoarekin, eta hortik aurrera entzuleei gustatzen bazaie ere primeran, baina hori “albo-kalte” moduko bat da.

Ba al dago euskal emakume musikari gazteen nolabaiteko susperraldi bat Gaztea moduko irratiek bultzatuta?

Bai eta ez. Nik uste dut susperraldia beste bide batetik datorrela: hau da, nik uste dut emakumeok ahalduntze garai batean gaudela, ni barne, eta bazen garaia. Ausartzen ari garela gure lekua hartzera. Gaztea irratia bezalako plataformek hori indartu dezakete, baina niretzat belaunaldi berrion ausardi horretan dago gakoa; izan ere, oso ausarta izan behar da proiektu bat martxan jarri eta jendaurrean defendatzeko,are gehiago emakumea, gaztea eta bakarlaria izanda.

Zer eskaintzen dizu maila pertsonalean eta profesionalean musikak?

Etapa berri honetan askatasuna eskaintzen dit, nahi dudana egiteko eta sortzailea izateko nire egunerokoan. Buruhausteren bat edo beste ere bai, ez dut gezurrik esango, baina gustuko dudana egiteko aukera ematen dit, jende berria ezagu-tzekoa eta esperientzia berriak bizitzekoa. Niregatik egiten dudan zerbait da, eta betetzen nauen bitartean egiten jarraituko dut.

Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak, diskoa jendaurrean plazaratzen ibiliko zara?

Momentuz, abestiren bat edo beste aterako dut kolaborazio gisa beste artista batzuekin, eta disko berria zuzenekoetan plazaratzen ibiliko naiz bandarekin batera. Dagoeneko hainbat kotnzertu eskaini ditugu.

2025-02-18T17:32:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo