Bizkaia

Aburtok Txurdinagako kiroldegia bisitatu du obrak amaitu ostean

Txurdinagako kiroldegia.

Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu Txurdinagako kiroldegian egindako mantentzeko eta hobetzeko lanak. Hala, ostiral honetan, otsailak 3, BIlboko alkate Juan Mari Aburtok kiroldegia bisitatu du, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziarekin eta Udalbatzako beste kide batzuekin batera.

Horren harira, Aburtok gogorarazi du 2022an Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bidez, 7 milioi euro baino gehiago inbertitu zituela Udalaren kirolguneetako obretan eta esku-hartzeetan, esanez "jakin badakigu etengabeko hobekuntza- eta mantentze-lanak funtsezkoak direla gure kiroldegietan eta kirolera bideratutako azpiegituretan. Horregatik, gure konpromisoa eta gure inbertsio-ahalegina beharrezkoak eta ezinbestekoak dira gure erabiltzaileen kalitatea, erosotasuna eta ongizatea hobetze aldera”.

Gainera, azpimarratu du “jarduera fisikoa eta osasuna ez ezik, beste gauza asko ere bada kirola. Gure kiroldegiak, zelaiak eta pistak topaketarako, sozializaziorako eta aisialdi osasuntsurako espazioak dira. Espazio biziak dira, mimoz zaindu behar ditugunak” amaitu du.

Bilbao Kirolak-ek kudeatzen dituen 11 kiroldegietatik inbertsiorik handiena Txurdinagako kiroldegian egin zen iaz: 1,6 milioi euro baino gehiago, lan hauek egiteko:

Eraberritze integralaren lehen fasea; honako hauek hartzen ditu barnean:

  • Hockey-pista: pistaren zoladura aldatu da eta harmailan irisgarritasun-arazoak dituzten adinekoentzako edo emakume haurdunentzako eserlekuak jarri dira eta gurpil-aulkian daudenentzako espazio bat egokitu da.
  • Futbito-zelaia: soropil artifiziala aldatu da, eta zelaiko hesidura konpondu da. Jasangarritasun-irizpideei jarraiki, lehenengoz ez da kautxua erabili – ez baita jasangarria– belar artifizialaren azken geruzan; kautxuaren ordez material birziklatuz eginiko foam bat erabili da. Asmoa da Bilbao Kirolak-ekin hitzarmena duten eta udal-instalazioak erabiltzen dituzten futbol-klubek zelai hori probatzea. Horrela, egoki baderitzote, belar artifiziala aldatzen den hurrengoetan, belarraren gainera harea bota ahal izango litzateke, eta kautxua pixkanaka baztertu material gisa.
  • Irisgarritasuna: irisgarritasun unibertsalaren beharrak eta irizpideak kontuan hartuta, tenis-pistetara eta pilotalekuetara sartzeko kanpoko korridore osoan esku hartu da, mugikortasun murriztua duten pertsonen sarbidea eragozten duten oztopo arkitektoniko eta fisiko guztiak kenduz.
  • Pabiloia: pabiloiaren estalkian zeuden kalte txiki batzuk konpondu dira eta haren itxura eguneratu da.
  • Arotzeria eta sabaiak: sarbideko arrapalan arotzeria eta sabai faltsuak aldatu dira, eta pisten kanpoaldean usoen aurkako sareak jarri dira.

Esku-hartze horietarako guztietarako 375.000 euro baino gehiago inbertitu dira.

Skatepark espazioa egokitzea: Lehengo 5. eta 6. frontoietan eta inguruetan esku hartu da; hain zuzen ere, haiek berregokituz skate-rako gunea eratuko da, gelekin eta komunekin.

Espazio horiek birdefinitu egin dira, gero eta zale gehiago dituen eta garatzeko eta hedatzeko gaitasuna duen kirol-modalitate bati lekua egiteko. Skateparkearen kokapena egokiena da, kontuan hartuta kiroldegia Europa parketik oso gertu dagoela, eta parke horretan ere badagoela espazio bat aire zabalean skate-rako eta patinajerako.

Jarduera ustiatzeko kontratua datozen asteetan lizitatuko da, eta zerbitzua 2023ko azken hiruhilekoan abian jartzea aurreikusten da.

Jarduera honen aurrekontua 470.000 eurotik gorakoa izan da.

Araztegia aldatzea: barruko igerilekuko araztegia aldatu da; araztegia zerbitzuaren “birika” dela kontuan hartu behar da, aukera ematen duelako ura egoera ezin hobean egon dadin erabiltzaileen bainurako.

Bilboko Udalak instalazioak egoera ezin hobean mantentzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio aldaketak, “bai erabiltzaileen bistara eta haiek erabiltzekoak diren zatiak, bai bistan egon ez arren funtsezkoak direnak funtzionamendu onerako”, eta alkateak adierazi du aldaketa horrek “aukera ematen duela energiaren efizientziaren arloan aurrera egiteko, funtsezkoa baita gure eraginkortasuna hobetzeko eta gure jarduerak Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat etortzeko”.

Aldaketa horri esker, instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetu da, eta 657.000 euro baino gehiago ordaindu dira.

Erabilerarik ez duten guneak egokitzea: gaur egun erabilera zehatzik ez duen eremu bat zabaldu eta asfaltatu da, hainbat kirol-proiektu edo -ekimen egin ahal izateko.

Espazioa egokitzeko kostua ia 48.000 eurokoa izan da.

Bestelako hobekuntzak: beste obra batzuk ere egin dira, txikiagoak izan arren ez garrantzi gutxiagokoak erabiltzaileentzat; alde batetik, horman ainguratuta zeuden aire-lehorgailuen ordez eskuko ile-lehorgailuak jarri dira, erosoagoak direlako. Eta, bestetik, igerileku estaliko botikina berriztu da.

Lan horietako bakoitzaren aurrekontua 32.000 eurotik gorakoa izan da.

7 milioi baino gehiago hobekuntzako esku-hartzeetan

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak entitatearen bidez, 7 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen iaz hobekuntza- eta mantentze- lanetarako.

Amaitu diren edo gauzatzen ari diren jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: Artxandako pabilioia eraberritzea; arraunketa pabilioia handitzea, Zorrotzako kiroldegiko errugbiko eta atletismoko aldagela berriak egitea, hainbat espazio eta kiroldegitan irisgarritasun-egokitzapenak egitea, hala nola San Ignazio, Atxuri, Miribilla eta San Mameseko kiroldegietan, baita bestelako obrak ere, instalazioen estalkiak, espazioen klimatizazioa eta energia-birgaitzeak kasu.

06/02/2023