Bizkaia

Abusu Ikastola prest pandemia osteko lehen Ibilaldi handia antolatzeko

Arguiñe Gurtubai, Abusu Ikastolako langilea

Abusu Ikastola prest egongo da, datorren maiatzaren 29n, 40. Ibilaldiaren edizioarekin hasteko eta pandemia osteko lehen Ibilaldi handia eta normalizatua aurrera eramateko. Urtero ikastola desberdin bat arduratzen da jaialdi honen antolakuntzaz eta 2022an Abusu Ikastolak hirugarren aldiz ospatuko du.

Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, hauen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Leloa Erro, harri har! izango da euskal kulturari eta euskarari erreferentzia eginez eta hauek zabaltzeko. Beste helburuen artean, hezkuntza sisteman ekimen berriak sustatu, gazte eta nerabeen artean parte hartzaileak eta hezitzaileak ugaritu eta berdintasuna eta inklusioa, besteak beste, landu nahi dituzte.

Erro, harri, har

Leloa komunitateko hainbaten arteko jardun emankor baten ostean erabaki zen eta bakoitzaren ekarpen onena eskatzen du: "Jolasteko gaude, emateko gaude eta zabalik gaude", esan dute Abusuko ikastolatik gaurko aurkezpenean. Erro, "sustraiak zaintzen gabiltzalako, harro, errota izandako honetan proiektua errotzeko asmoz"; harri, harria bezain gogor jardungo direlako "euskara eta ikastolaren alde gotortuta", eta har, "harrera herri izan nahi dugulako. Gure herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik egon nahi dugulako, euskara eta ikastola eskainiz", ondorioztatu dute.

Ibilaldia, lagunekin edota familiarekin ospatzeko jaia, 1978an burutu zen lehen aldiz Uribe Kostan eta 1980tik aurrera urtero egin da. Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdi soil bat baizik eta urte osoan garatzen doan proiektua, horregatik ikasturte osoan arituko dira Abusuko lagunak elkarlanean.

Abusu Ikastolak, 1977 urtean guraso talde batek sortua, 1994ko Ibilaldia antolatu zuen, eta 2001ekoa ere hartu zuen. 2013an bere eraikin berria zabaldu zuten, eskaera guztiei bidea emateko. Gaur egun eraikinaren eskaintza 0tik 16 urte bitartekoa da, eta ikastolako jarduera bi eraikuntzatan banatuta dago, 500 familietako 700 ikasle inguru eta 60 langile dituelarik.

02/07/2021