Actualidad

Adierazpen tailerra Paz de Ziganda Ikastolan

Esperimentazioaren bidez bizipenak ezagutza bihurtzen laguntzen diogu haurrari
Koloreekin esperimentatzen adierazpen tailerrean.

Paz de Ziganda ikastolan haurraren berezko gaitasunetan sinisten dugu. hIZAN marko pedagogikoaren barruan sortu dugun proiektuan, haurra da bere garapenaren protagonista eta ikastolak garapen hau ahalik eta modu orekatuan eman dadin, testuinguru aberatsa eta ziurra eskaintzen dio. Testuingurua diseinatzeko orduan, espazioek eta materialek garrantzia handia hartzen dute.

Ikastolako espazio eta proposamenak aurreko printzipioei erantzuteko asmoz diseinatzen ditugu, baina oraingoan espazio zehatz bati buruz hitz egin nahi dizuegu: adierazpen tailerra.

Talde bakoitza astean behin joaten da tailerrera. Tailerra aparteko espazio bat izateak, gelan bideragarriak izango ez ziren proposamenak aurrera eramatea ahalbidetzen digu. Bertan hainbat ikaskuntza egoera eskaintzen dira. Haur bakoitzari ikaskide, material eta espazioarekin bere erritmoan eta giro lasai batean erlazionatzeko aukera ematen diote. Material bakoitzak bere adierazpen aukerak ditu eta haurrak aukera horiekin esperimentatu eta bere adierazpena aberasteko parada izanen du.

Adierazpena sustatuko duten proposamenak aurkezten dizkiogu haurrari. Proiektorea erabiliz argia, itzala, gardentasuna eta kolorearekin jolasteko posibilitatea ematen dugu. Era berean, tenpera eta akuarelak erabiliz kolorearekin esperimentatzen jarraitu daiteke eta euskarri anitzetan margotu. Margotzeko eskuak, pintzelak, brotxak edota hostoak erabil daitezke. Haurtzaroan informazioa lortzeko eta bereganatzeko dugun tresna nagusia zentzumenak dira; horregatik testurak, irudiak, soinuak eta usainak sentitu eta ezagu-tzeko aukera bermatu behar dugu. Material batzuen forma egonkorra da, baina beste batzuena, aldiz, aldakorra, haurrak azken horiei forma eman diezaioke, baita beste objektu batzuekin konbinatu ere. Material batek manipulatzeko, esperimenta-tzeko eta adierazteko hamaika aukera izan dezake. Esperimentazioaren bidez bizipenak ezagutza bihurtzen laguntzen diogu haurrari.

Hezitzailearen lana proposamena diseinatu, prestatu eta haurra modu autonomoan aritzen den bitartean, bere jarduna dokumentatzea da. Dokumentatzeko hainbat modu egon daitezke, argazkiak, bideoak edota ohar idatziak jasoaz, adibidez. Informazioa jasotzeko erabiltzen dugun baliabide garrantzitsuena gure begirada da, helduaren begirada aktiboa. Dokumentazioaren bidez haurraren prozesuari buruzko informazio ugari ezagutuko dugu baita hezitzailearen lana baloratu eta hobetzeko informazioa lortu ere. Hezkuntza etengabeko hobekuntzan egon behar den prozesu amaigabea da.

Ingurua norberaren begirada eta esperientziaren bidez interpretatzen dugu; horregatik berebiziko garran-tzia du haurraren begirada zabaltzen laguntzeak eta esperientzia aberatsak eskaintzeak.

Haurra eta heldua aipatu ditugu, baina ezin dugu aipatu gabe utzi gure komunitatearen beste zutabea, familiak. Tailerrean aurrera eramaten ditugun proposamenei ikusgarritasuna eta balorea ematen diegu dokumentazioan jasotako informazioa baliatuz familiei eta ikastolako komunitatea osatzen dugun guztioi zuzendutako erakusketak edota panel informatiboak prestatuz. Proposamen bakoitzak bultzatzen duen prozesua kontatzen, deskribatzen eta interpretatzen saiatzen gara. Begirada prozesuan jartzen dugu, ez horrenbeste produktuan.

Sormena eta beste hainbat konpetentzia lantzeko espazio egokia dugu tailerra, baina pertsona sortzaileak hezi nahi ditugula argi izanik, zehar lerro bezala Haur Hezkuntzako gainontzeko espazio eta egoeretan ere lantzen da. Xirimiriak bezalaxe poliki-poliki eta goxotasunez dena bustitzea lortzen du. Haurra 2 edo 3 urterekin ikastolan hasi eta 18 urte bitarteko ikaskuntza prozesu osoan zehar presente dago. Haur Hezkuntzan hasi eta Batxilergoa bitartean izan dezake jarraipena haurraren ikaskuntza prozesuak, ikastola berean, profesional talde bera bidelagun izanik.

Epe luzera begira diseinatu eta garatzen den proiektua osatzen dugu komunitate osoaren artean, betiere pertsona erdigunean jarriaz, egungo haurra izanen baita ondorengo heldua. Gizarteari irekia dagoen proiektua gara eta zu ere gure proiektuaren zati bat izan zaitezke. Zatoz eta ezagutu ezazu.

29/01/2023