Apirilaren 6an, Elgoibarko kaleak festa eta kirol giroz jantziko dira, Jose Gurrutxaga Krosaren 30. edizioa ospatuko baita.
Aurten ere parte-hartze handia izango da: 695 lagunek eman dute izena lasterketarako.
Adin guztietako partaidetza
Hamasei urtetik gorakoen proban 100 parte-hartzaile izango dira, horietatik 20 Elgoibar Ikastolako langileak.
Gainerako korrikalariak 2009 eta 2018 artean jaiotako neska-mutilak izango dira.
Aurten lehen aldiz, Haur Hezkuntzako umeek ere izango dute korrika egiteko aukera.
Ordutegia
Goizeko 10.00etan hasiko dira txikienen lasterketak, eta ondoren, 10.30etik aurrera, ohiko probak egingo dira, parte-hartzaileen adinaren arabera antolatuta.
LH1 mailatik gorakoek, gainera, 09.30etik 10.20ra izango dute dortsalak eta kamisetak jasotzeko aukera.
Urte berezia
Aurten, Kilometroak 2025 jaia Elgoibarren egingo dela-eta, Elgoibar Ikastolak antolatzen dituen ekimenek ukitu berezia dute.
Santa eskeak, Euskal Inauteriak eta Pilota Egunak bezala, Jose Gurrutxaga krosa ere ohi baino jantziagoa dator.
Herri bazkaria
Horren erakusgarri, lehen aldiz herri bazkaria antolatu da eta 48 ordutan agortu dira 250 pertsonarentzako txartelak.
Bazkaria Elizpean egingo da, 14.30etik aurrera, lasterketa guztiak amaitu ostean.
Jolasgunea txikienentzat
Familia osoari zuzendutako eguna izango da, eta horretarako, 0 eta 5 urte bitarteko umeentzako jolasgune bat ere prestatuko dute.
Bolatokiko parkean egongo da erabilgarri, 10.30etik 13.30era bitartean txikienen gozamenerako.