Actualidad

Adina eta jakinduria?

Etikako Foroak beste hitzordu bat antolatu du ‘Adinak jakinduria gehitzen al du?’ gairi buruzko gogoeta egiteko
Euskadiko Etika Klusterra Fundazioak eta Vital Fundazioak Etika Foroaren beste jardunaldi berri bat antolatu dute.

Euskadiko Etika Klusterra Fundazioak eta Vital Fundazioak Etika Foroaren beste jardunaldi berri bat antolatu dute. Oraingo honetan, Adinak jakinduria gehitzen al du? gaiari buruzko gogoeta egingo dute. Hitzordua gaur arratsaldeko 19:30ean izango da Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua).

Jose Ignacio Besga Etika Klusterreko presidentea moderatzaile dela, Begoña Crespo legelaria, Blanca Uriarte poeta, Nekane Lauzirica kazetaria eta Jose Maria Agirre filosofoa izango dira eguneko protagonistak. Jardunaldiaren ardatz, adinak esperientzia hazarazteko duen gaitasunari buruzko hausnarketa dago, eta esperientzia horrek nola taxutzen duen jakituria ere bai. Izan ere, jakinduria “pertsonek zentzuz, zuhurtziaz edo zuzentasunez jokatzeko duten ahalmena dela esan daiteke", forotik aurreratu dutenez. Abiapuntua honako hau izango da: “giza jarduera osatzen duten gai ugarietako eta askotariko baten jardun egokiari buruzko ezagutza sakona duena da pertsona jakintsua. Baita, bere esperientzian oinarrituz, beste bat bizitzako edozein egoeratan gidatzeko gaitasunik onenak aplikatzen dituena ere. Honako galdera hauei erantzuten saiatuko dira: Horrela al da hau? Beti? Kasu jakin batzuetan? Nola erantzuten dio gizarteak adinak sortzen duen jakinduriari? Halaber, beste hainbat gai ere jorratuko dira, hala nola lidergoa, kultura, geriatria edo pentsioak".

Etikaren Euskadiko Klusterra Fundazioa 2015eko urrian sortu zen, gure gizartean Etikaren hedapenean laguntzeko eta gai horretan interesa duten pertsonentzako topalekuari bidea emateko helburuz. Vital Fundazioak bat egin zuen ekimen horrekin, balio etikoen ikerketa, ezagutza eta aplikazioa areagotzeko eta hedatzeko lankidetza proiektuak sortzea ahalbidetuko duen egitura eratzeko helburuz.

30/03/2023