Buscar
Bizkaia

Adineko elkarteei harrera egin die Aburtok Udaletxean

Juan Mari Aburtok uriko adineko elkarteei harrera egin die.
Juan Mari Aburtok uriko adineko elkarteei harrera egin die.

Ostiral honetan, irailak 30, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu egin da. Hori dela eta, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin die, Udaletxeko Arabiar Aretoan, uriko adinekoen elkarteen ordezkariei.

Aburtok nabarmendu du adinekoek hiriari egiten dioten ekarpena eta auzoetan egiten duten lana. Gainera, “bakardadea eta bere eraginak borrokatzeko duten garrantzia” azpimarratu du.

Aurtengoan, elkarteen batzordeetako lehendakariak izan diren, edo elkarte horietan laguntzaile diharduten bederatzi pertsonaren lana aitortu du Udalak:

  • Belén Trueba Herranz, Abandoko Erretiratuen eta Pentsiodunen Zentroa.
  • Melchor Maroto Arribas, Altamirako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartea.
  • Juan Legarreta Bilbao, DEISA Pentsiodunen Elkartea.
  • Javier Diaz Selas, Nagusien Lagunen Elkartea.
  • Javier Cabada Lopez, Gure Asti Aldi Zabalako Pentsiodunen Elkartea.
  • Ana María Canteli Arias, El Ñeru Adinekoen Elkarte Soziokulturala.
  • Francisco Ramón Urrutia Camiruaga, Hartu Emanak Elkartea.
  • Francisco Crispin Olmedo, Larraskitu-Parque Berria Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartea.
  • Concepción García de la Iniesta, Etxe Zuri-Indautxu Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartea.

Horrez gain, aipamen berezia jaso du Roberto Martínezek: Nagusiak Bizkaiko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartearen presidente jardun du azken hamabi urteotan, eta lurraldean zahartze aktiboa sustatzen aitzindari ere izan da.

Ekitaldian, Marcelino Gorbeñaren konpromiso eta lanari ere aitortza egin diote. Udalarekin “Bilbo, Adinekoekin Adeitsua den Hiria” 2022-2024 III: Udal Plana garatzen lankidetzan diharduten 60 urtetik gorakoen Talde Eragileko kidea da, 2018an sortu zenetik.

Adinekoen parte-hartzeari eta zahartze aktiboa sustatzeari dagokionez, Juan Mari Aburto alkateak Udalarekin aktiboki lan egitera gonbidatu ditu uriko adinekoak, gero eta adeitsuagoa izango den hiri bat eraikitzeko: “gure helburua da zuek gehiago parte hartzea politika publikoen diseinuan; adinekook esku hartzea auzoak, zerbitzuak, eta kultura-, kirol-, aisi- eta jai-eskaintza hobetzen… finean, adinekoentzat adeitsuagoa izango den Bilbo bat, hiri inklusiboago, osasuntsuago eta solidarioago bat egiten lagun gaitzazuen nahi dugu”.

“Bilbo, Adinekoen Lagun" galaren II. edizioa

Aste honetako eguaztenean, urriaren 1eko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, “Bilbo, Adinekoen Lagun” galaren bigarren edizioa ere egin zuten Campos Antzokian. Ekitaldian, “Bilbo, Adinekoen Lagun” sariak eman zizkieten Maria Victoria del Badori, Isabel Osoriori eta Miguel Ángel Fernandinori, beren ibilbide pertsonal eta altruista, eta Bilboren, auzoen eta auzotarren bizikidetza eta bizi-kalitatea hobetzearekin duten konpromisoa aitortzeko.

2022-10-02T17:14:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo