Gizartearen zahartzea eta adinekoen bizi kalitatea mantentzeko erronka ardatz du Azpeitiko Udalaren politikak. Bide horretan, gaiaren inguruan hausnartu eta informatzeko helburuz, Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldiak egingo dira otsailaren 1, 8 eta 15ean. Etorkizuneko erronkak lan-tzen hasia da Udala eta norabide horretan dauden epe laburrean zein epe ertainean izango diren azpiegiturak eta zerbitzuak azaltzea ere bada jardunaldi hauen asmoa.
Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, “azken urteotan egiten ari garen ibilbidearen isla izango dira jardunaldiak. Gizarte Zerbitzuak, eta hein aldi batean, adinekoak eta mendekotasunen bat duten pertsonak gure politiken ardatz dira”.
Bide horretan, azken urteotan adinekoen inguruan eta duten bizi kalitatea ezagutzeko helburuz hainbat ikerketa egin dira eta gaur egun ere bakarrik bizi diren adinekoen inguruko ikerketa martxan da: “Adinekoen inguruan, gaiari integralki heldu, aztertu eta arazoa konplikatua dela jakinik ere, irtenbiderako beharrezko politika publikoak lantzen eta martxan jartzeko konpromiso osoa dugu” zehaztu du alkateak.
Horreala, otsailaren 1ean egingo den lehen saioan Azpeitiko Udalaren enkarguz SIIS-eko, Gizarte Informazio eta Ikerketa Zentruko, Madalen Saizarbitoriak duela hiru bat urte eginiko azterketaren emaitzak azalduko dira. Ikerketa horretan demografiaren eta gizartearen zahartzearen inguruko datu objetiboak biltzen dira eta sortuko diren beharrak azaleratzen dira. Azterketa horren baitan, besteak beste, etxe tutelatuen beharra detektatu zuen Udalak eta dagoeneko 16 etxebizitza tutelatu abian jartzear dira. Eta proiektu hori zein beste zenbait udal baliabide aurkeztuko dituzte Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Edurne Zubia arduradun teknikoan.
Otsailaren 8an, bakardadea izango da hizketagai. Javier Yanguas gerontologo eta psikologian doktorea eta Adinberri Fundazioko Berrikuntza ataleko arduraduna, Ainhoa Becerra, izango dira horretarako. Adinberri Fundazioaren Hariak estrategiaren inguruko xehatasunak azalduko dituzte.
Otsailaren 15ean, duela hainbat hilabete Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegin egitea hitzartu zuten mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztunaren proiektua aurkeztuko dute bi erakundeek proiektua landu duen Matia Fundazioarekin batera. Matia Institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Echeverria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartuko dute parte.