Zorionez, bizi-itxaropena handitzen ari da azken urteotan, eta gero eta gehiago eta hobeto bizitzea lortu da. Izan ere, gero eta pertsona gehiago daude 65 urtetik gorakoak. Zehazki, 65 urtetik gorako pertsonak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %23 dira iazko urtarrilaren 1ean. Gizonen eta emakumeen artean, nabarmentzekoa da emakumeak direla urte gehien bizi direnak, gizonekin alderatuta.
Hala, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak adinekoen egoera estatistikoari buruz egindako azken txostenaren arabera, nabarmentzekoa da 65 urteko eta hortik gorako pertsonak Euskadiko biztanleriaren %23 direla; %57,3 (288.716) emakumeak dira eta %42,7 (215.337) gizonak. Aipatu behar da, hori bai, datu horiek iazkoak direla, eta, beraz, aldaketak egongo direla egungo estatistikekin, nahiz eta oraindik ez dagoen estatistika berriagorik. Era berean, 2020an, bigarren postuan zegoen Europar Batasunean 65 urteko eta gehiagoko biztanle kopuru handiena (%20,6) zuten herrialdeen rankingean; aurretik Italia (%23,2) baino ez zuen, eta Estatuko batezbestekoa (%19,6) baino ehuneko 3 puntu gehiago zituen. Bestalde, txostenean aipatzen denez, azken lau hamarkadetan, 1981aren eta 2021aren artean, 65 urteko eta gehiagoko biztanle kopurua 2,5 aldiz biderkatu da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, aldi berean, adin-tarte gazteenetako biztanle kopuruan beherakada etengabea da. Are nabarmenagoa izan zen adin nagusiagoko pertsona kopuruaren gorakada, 85 urte eta gehiagokoena; izan ere, haien kopurua 5,3 aldiz biderkatu da azken 40 urteotan, eta biztanleria osoaren %4,1 izan da 2021ean. 2021ean, hiltzean batez besteko adina 81 urte izan da; ia 6 urte luzatu da, 2001etik (75,3 urte). “2021ean, adineko pertsonen mendekotasun-indizea honako hau zen: teorikoki mendekoak ziren 39,1 pertsona lan egiteko adina zeukaten 100 pertsonako. Indize hori honela neurtzen da: 65 urteko eta gehiagoko biztanleak (“teorikoki” mendekoak diren biztanleak) 20tik 64 urtera bitarteko biztanleen aldean (biztanleria hori “potentzialki” produktiboa eta aktiboa da edo lan egiteko adinean dago)”, azaldu eta erantsi zuten: “2001aren eta 2021aren artean, mendeko pertsonen kopurua, potentzialki aktiboak diren 100 pertsona bakoi-tzeko, handitu egin da, eta 11,2 pertsona gehiago dira; 2001eko 27,9 mendeko pertsonatik 2021eko 39,1era egin du. Mendeko pertsona horietatik guztietatik, 22,4 emakumeak dira eta 16,7, gizonak”. Osasun-zerbitzuen erabilerari dagokionez, nabarmentzekoa da duela bi urte, koronabirusaren pandemian, 222.438 pertsona ospitaleratu zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datu horietatik, ia %50 baino gehiago adinekoen ospitalera-tzeei zegozkien, guztiak ere 65 urtetik gorakoak (edo adin horretakoak): “2020an, 222.438 ospitaleratze erregistratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; haietatik, erdia baino pixka bat gehiago 65 urteko eta gehiagoko pertsonenak izan ziren. Ospitaleratze horiek ospitaleko 2.035.368 egonaldi ekarri zituzten; egonaldi-tzat pertsona bakoitzak ospitaleratuta ematen duen gau bakoitza dela ulertzen da. 65 urteko eta gehiagoko pertsonen egonaldiak kopuru osoaren %57 izan ziren”. Adinekoak ospitaleratzeko kausa nagusiak zirkulazio- eta digestio-gaixotasunak izan ziren bi sexuetan, eta, ondoren, kanpo-kausak emakumeetan, eta tumoreak, gizonetan. 65 urteko eta gehiagoko pertsonetan, ospitaleko egonaldiak egiteko kausa nagusiak, bi sexuetan, nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak izan ziren, bai eta zirkulazio-gaixotasunak ere. Nahasmenduak ospitaleko egonaldirako kausa gisa emakumeetan ohikoagoak izan ziren gizonetan baino. Askotan, ospitale psikiatriko espezializatuetako egonaldi luzatuak dituzten patologiak izaten dira.
Hildakoen kopurua
Bestalde, “2021ean, Euskadin, 23.073 pertsona hil ziren: 11.508 emakume eta 11.565 gizon. Hildako pertsonen batez besteko adina 81 urte izan ziren: emakumeak, batez beste, 84 urterekin hil ziren eta gizonak, 78 urterekin. Emakumeen %87,4 69 urte baino gehiagorekin hil ziren, eta %74,6, 79 urte baino gehiagorekin; gizonetan, heriotzen %76,9 70 urterekin eta gehiagorekin izan ziren, eta %54,2, 80rekin eta gehiagorekin”, zehaztu zuten. “70 urteko eta gehiagoko emakumeen bi heriotza-kausa nagusiak, alegia, zirkulazio-gaixotasunak (heriotza guztien %29,4 adin-tarte horretan) eta tumoreak (%17,3), bat etorri ziren gizonen kausa nagusiekin, baina alderantzizko ordenan: tumoreak heriotza guztien %28,4 izan ziren, eta zirkulazio-gaixotasunak, %25,3; bi kausa horiek 70 urteko eta gehiagoko gizonen heriotza-tasaren erdia baino gehiago (%57,7) izan ziren”.
Xehetasunez
Beste datu batzuk. Nahasmendu mentalen eta portaeraren nahasmenduen nagusitasuna hiltzeko kausa gisa handiagoa izan zen 70 urtetik aurrerako emakumeetan (%11,3) gizonetan baino (%6,6). Covid-19a hirugarren kausa nagusia izan zen 70 urteko eta gehiagoko gizonetan; adin-tarte horretako heriotza guztien %8,4 izan zen. 70 urteko eta gehiagoko emakumeetan, covid-19 adin-tarte horretako heriotza guztien %6,6 izan zen, bosgarren heriotza-kausa nagusiena. “2021ean, covid-19a funtsezko kausa izan zuten 1.682 heriotza egon ziren, guztira; alegia, heriotza guztien %7,3 urte horretan, 757 emakumeetan eta 925 gizonetan. Ondorioz, 2020ko heriotzak baino %45,7 gutxiago. covid-19aren ondoriozko heriotzen %61,2 80 urteko eta gehiagoko pertsonetan gertatu ziren: covid-19agatik hildako gizonen %53,3k 80 urte eta gehiago zituzten, eta, emakumeetan, %70,8k”, azpimarratzen dute Eustat Euskal Estatistika Erakundetik gai honi buruz egindako azken txostenean.