Vital Fundazioak antolatzen duen 'Astearte Musikalak' zikloak Aeternum boskotearen emanaldia eskainiko du astearte honetan, otsailaren 18an, Vital Fundazioa Kulturunean, Gasteizen.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian trebaturiko bost gaztek osatutako taldea da. Irene Mena eta Issey Martinez biolin jotzaileak, Manuel Marti biola jotzailea, Ivan Galindo biolontxelo jotzailea eta Joseba Korta piano jotzailea dira taldekideak.
Espainiako Estatuko eta beste herrialde batzuetako orkestra gazte onenetan hartu dute parte, eta sariak lortu dituzte nazioarteko lehiaketa askotan.
Taldeko musikariak "oraindik hazten ari diren bakarlariak dira", eta talde berri honetan, Gabriel Loidiren tutoretzapean, "beren adierazkortasun eta trebetasun teknikoagatik nabarmentzen den boskotea bildu eta sortzeko gai izan dira".
Kontzertua 19:30ean izango da, Vital Fundazioa Kulturunean, eta Aeternum boskoteak Fanny Mendelsshon eta Dmitri Shostakovich konpositoreen lanak interpretatuko ditu.
Bestalde, Gasteizko Udalaren 21 Zabalgunea hirigintza sozietateak auzotarrei zuzendutako bulegoa ireki du Dato kaleko 38 zenbakian, herritarren parte hartzea sustatzeko eta Zabalguneko bizilagunei 'Eko Barruti Ekintzailea' proiektuaren aurrerapenei buruzko informazioa emateko.
"Bulego hau irekitzea urrats garrantzitsua da Gasteizko zabalgunea biziberritzeko bidean. Sustatu egiten du bizilagunen parte hartze aktiboa hiri berroneratzeko prozesuan, eta komunitate izatearen sentimendua indartzen du", azaldu du Borja Rodriguez Hiri Eredu, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.
Gasteizko Udalaren eta herritarren arteko lankidetzarako bide bat izango da bulegoa, eta berroneratzea ikuspegi integral batetik lantzeko aukera emango du, zabalguneko etxadiak biziberritzeko prozesu bat garatzeko, azpiegitura berde eta komunitate energetikoen bitartez, eta merkataritza, hirigintza eta kultur eta sormen arloko industriei bultzada emanez.