Mundo

Afganistango emakumeen hezkuntzarako eskubidea defendatzeko irrati eta telebista

Talibanak boterera itzuli zirenetik emakumeek eta neskek ukatuta duten oinarrizko eskubidea aldarrikatzen du Unescok
Afganistango emakume eta neskatilak marrazki lehiaketa batean parte hartzen, Kabulen / SAMIULLAH POPAL

Unescoren babesarekin (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen erakundea) Irrati eta telebista emisio eta gizarteratzeko programak gauzatzen ari dira, 12 urtetik gorako emakume eta neskato afganiarrak ikastetxeetara joateko talibanek ezarritako debekua saihesten ahalegintzeko.

2021eko abuztuaren 15ean Kabul okupatu zuten talibanak agintera itzuli eta ia hiru urtera, debeku horrek “oinarrizko eskubide bat haustea dakar”, eta horregatik Unescok behin eta berriz eskatu du “neskatoak eta emakumeak inolako baldintzarik gabe ikasgeletara itzultzea”, adierazi du erakundeko arduradun Hoda Jaberianek.

“Modu alternatiboak lantzen ari gara, esate baterako ikaskuntza aktiboa, baina ikasgeletara joatea ezin da inola ordezkatu”, azaldu zuen online foro batean, Unescoren Migrazioa, Desplazamendua, Larrialdiak eta Hezkuntza ataleko programen koordinatzaile den Jaberianek.

Bere esanetan, talibanen debekuak emakume maistrak ere hartzen dituenez, hezitzaile premia areagotu egiten da, eta horrek kaltea eragiten dio gizonezko haur eta nerabeen hezkuntzari ere.

Horregatik ari da Unesco, maila desberdinetan, emakumeen hezkuntza sustatzeko ahaleginean, lehenik eta behin komunitateetako irakaskuntza bultzatuz, auzoetan eta herrietan jarduten duten hezitzaile kualifikatuen eskutik.

Era berean, mugakide diren Pakistan eta Tajikistanen ihes eginda dauden afganiarrentzako egitasmoak gauzatzen ari dira, bertako hizkuntza ikasten eta tokian toki integratzen laguntzeko.

Kazetarien mugak

“Emakumeek lan egin dezaketen sektore bakanetako bat komunikabideak dira, baina muga askorekin”, aipatu zuen Antonia Eser-Rupertik, Unescoko hedabideen segurtasuneko adituak. Esate baterako, emakume kazetariek ezin dute gizonekin espaziorik partekatu, ezin diete gizonezkoei elkarrizketarik egin ez eta itaunduak izan, eta lan kontu batekin kalera irtetekotan beti eraman behar dute gizonezkoren bat ondoan, zehaztu zuen.

Behin talibanak boterera iritsi zirenean, Afganistango emakume kazetarien % 80 eta % 90 artean lanik gabe geratu ziren, horietako asko “euren familien sostengu bakarra zirelarik”, dean zuen Eser-Rupertik; gainera, kazetarien “atxiloketa arbitrario ugari” izan direla ere nabarmendu zuen.

Radio Begum irratiak (’printzesa’) egunean sei orduz emititzen badu ere, “irratsaioek mugak dituzte. Irratiz ezin da matematika edo zientzia behar bezala irakatsi”, dio ekimenaren sortzaileetakoa den Hamida Aman kazetariak.

Horregatik jarri zuten martxan aurtengo apirilean Begum TV; telesailak, entretenimendua eta hezkuntza-programak eskaintzen ditu, osasunari buruzkoak -osasun mentala barne-, “irudia oso tresna ahaltsua delako”. Bi ekimen horiek ondo bereizita daude legez eta geografikoki, errepresaliarik jaso gabe talibanen lege-esparrua saihestu ahal izateko.

Unescoren esanetan, talibanentzat arazoa ez omen da emakumeak heztea, etxetik ateratzea baizik. Inolaz ere, Eser-Rupertik garbi esan du: “komunikabideek ezin dute eskolaratzea ordezkatu”.

Emakumeak goi mailako hezkuntzan

Afganistanen egiten ari den lana jarduera zehatzetan oinarritzen du Unescok, Afganistango herritar guztien hezkuntza-eskubidea bermatu, babestu eta hari lehentasuna eman asmoz, batez ere neskena eta emakumeena, komunitatean oinarrizko alfabetatze-eskolak eskaintzetik hasita.

Goi mailako hezkuntza sistema indartu nahian ere badabiltza, afganiarrei eta batez ere emakumeei, goi-mailako hezkuntzara iristeko bideak zabaltzeko ahaleginean, “Hezkuntzari buruzko datuen jarraipena” izeneko ekimenaren bitartez. Irakasleen prestakuntza-zentro bat ere sortu dute, Iranen errefuxiatuta dauden afganiarrentzat.

En cifras

1,1 m

2022ko martxoaren 23az geroztik, bigarren hezkuntzako 1,1 milioi neska afganiarrek ezin dute eskolara joan talibanen erregimenak bestelako agindua eman arte.

%60

Afganistango egungo krisiak oso eragin kaltegarria ekarri du goi-mailako hezkuntzako gazteengan ere, izen-emateetan % 60ko jaitsiera erregistratu delarik.

40 A

Amaierarik gabeko lau hamarkadako gerra lazgarriak, eta sarritan errepikatzen diren hondamendi naturalek, hala nola lurrikarek, pobrezia kronikoak, lehorteak eta covid-19aren pandemiak, min handia egin diete Afganistango herritarrei. Aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa pairatzen ari da herrialdea, eta arrisku latza dago sistema kolapsatu eta giza hondamendia gertatzeko.

Aita Santua

Diskriminazioa amaitzeko eskatu du

Erlijio-faktorea. Vatikanoko Paulo VI.a aretoan eskainitako audientzia orokorraren amaieran, Pakistanen eta Afganistanen diskriminazio etnikoak ezabatzeko aldarrikapena egin du Frantzisko aita santuak, bereziki emakumeen aurkakoak. Italiako afganiar eta pakistandar komunitateko ordezkariak hartu zituen Frantziskok, eta honako hau esan zien: “faktore erlijiosoak, bere izaeragatik, lagundu egin behar du gatazken mingostasuna lausotzen, eta espazioa sortzeko gauza izan behar du, pertsona guztiak, hiritartasun-eskubide osoz, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe aitortuak izan daitezen”. Salatu egin zuen, “askotan erlijioa manipulatu eta esplotatu egiten dela, asmo horiekin bateragarriak ez diren helburuetarako erabiliz”.

11/08/2024