Donostia – Julen Aginagaldek Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du azkenean, Jordi Ribera Espainiako hautatzaileak atzo aurkeztutako 16 jokalariko zerrendan sartu ostean. Beraz, Bidasoaren pibotea bigarrenez lehiatuko da JJOOetan; aurrez Londreseko 2012ko jokoetan izan zen eta Espainiako selekzioak seigarren postua lortu zuen.
Irundarrak bihar bertan Madrilera joan beharko du, Asobal Liga eta Espainiako Eskubaloi Federazioa (RFEBM) babesten dituen Sacyr enpresaren ekitaldi instituzionalean parte hartzeko. Tokiorako bidaia ere segituan prestatu beharko du, Espainiako Batzorde Olinpikoaren espedizioaren zati batekin uztailaren 15erako aurreikusita baitago.
Julen Aginagalde izango da Bidasoa Irun joko olinpikoetan ordezkatuko duen jokalari bakarra, talde gipuzkoarreko gainerako jokalari internazionalen selekzioek ez baitute sailkatzea lortu.
Bera Beratik, Eli Cesáreo Super Amara Bera Berako Eli Cesáreo ere Olinpiar Jokoetan izango da, RFEBMk atzo ezagutzera eman zuen Japoniara joango diren 16 jokalarien zerrendan agertzen denez.
Beraz, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan Eli Pinedo izan zen, eta oraingo honetan Bera Beraren lekukoa Cesáreok hartuko du uztailaren 23tik abuztuaren 9ra bitartean.