Elikadura kate osoan eragiteko xedearekin, Bergarako Elikadura Mahaiak bere ibilbidea orain duela urtebete hasi zuen, zenbait eragileren eskutik. Orain, beste urrats bat emateko asmoz, Zure platerean hasten da mundua jardunaldiak antolatu dituzte. Agroekologia eta elikadura ardatz izango dituzten ekintzak egingo dira urritik otsailera arte.
“Elikadura burujabetzari begira, eragile eta ekimen desberdinak norabide berean jarri eta beraien artean sareak eraikitzeko helburua dugu, baita elikadura burujabetza eta agroekologiaren oinarria lantzea ere”, azaldu zuen aurkezpenean Ereindajaneko kide den Ainhoa Narbaizak.
Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, “krisi eta informazio nahasgarrien testuinguru honetan, herritarrari elikagaien kontsumo konszienteago baterako foro eta baliabideak eskaini nahi dizkiogu; ekoizpen ereduetan sakonduz, eta ekologia, bertakoa, pertsonen-neurrikoa zein ekonomia sozial eta solidarioan oinarritua”.
Egitarauari urriaren 6an emango diote hasiera Biolur Elkarteak eta herriko ekoizleek aurkeztuko dituzten Duina proiektuaren emaitzekin. “Sektorean eta herritarrengan duten inplikazio sozioekonomikoagatik garrantzitsuak diren ondorioak partekatuko dira”, aurreratu zuen Narbaizak. Hitzordua Irizar jauregian izango da, 18.30ean hasita.
Dokumentala, dastaketa...
Urriaren 19an, aldiz, Landarlan Ingurumen Elkarteak eta ON Produkzioak-ek aurkeztu berri duten Zure platerean hasten da mundua dokumentala proiektatuko da Seminarixoan. Hiru egun geroago, Oxirondo azokan agroekologiaren inguruko informazio-puntua ezarriko da “gaia herritarrei hurbiltzeko”.
Urriaren 26an, Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? galderaren inguruan dastaketa-solasaldia egingo dute azokan (19.00etan), eta 29an, Antzuolako Pikunieta baserria bisitatuko dute. Azken ekintza honetan parte hartzeko 635 202 146 telefonora deitu beharko dute interesatuek.
Bestalde, azarotik otsailera bitartean, herritar talde ezberdinei zuzendutako jarduerak izango dira. “Mireia Alberdi eta Alazne Basterra nutrizionistek gidatuta, Mila kolore, mila zapore ekimena jorratuko da Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleekin”, adierazi zuen Narbaizak. Ikasbidaiko saskiak, Bertatik bertara kanpaina, eta bertako eta sasoiko platerak ostalaritzan ekimenak ere jarriko dira martxan.