Gipuzkoa

"Ahaztu gabe nondik gatozen, Zelaian aurrera egin dugu ezagutza berriak gurean uztartuz"

zelaia sagardotegia | Oihana Gaincerainsagardogilea
"Ahaztu gabe nondik gatozen, Zelaian aurrera egin dugu ezagutza berriak gurean uztartuz"

hernani– Sagardogintza odolean daramate gainceraintarrek. Oihana Gaincerainek eta bere bi ahizpek aitak abiarazitako bideari eutsi diote, "gustura hartutako erabakia" hartu ondoren. Jatorri Deituraren garrantziaz, EROSKI bezalako salmeta kanalek sagardoaren alde egin duten apostuaz, eta aurtengo denboraldiak utzi duen zapore gozoaz mintzatu gara, beste beste, Hernaniko sagardogilearekin. Atzera begiratu dezagun€

Nola sortu zen Zelaia Sagardotegia?

Gure birraitonak, baserritarra izanik, etxean sagardoa egiten zuen; aitonak ere bai. Baina gure aita, Jose Antonio Gaincerain, izan zen sagardogintzari profesionalki heldu zion lehena. Gaztetxotan Donostiako Bretxa merkatuan baserriko barazkiak eta esnea saltzen ibiltzen zen. Soldaduskatik bueltatu zenean, 70eko hamarkadan, erabaki bat hartu beharra zuen: esne ekoizle bezala handitu eta inbertsioa egin edo beste bide bat hartu. Sagardoaren alde egitea erabaki zuen.

Geroztik, nolakoa izan da zuen etxearen bilakaera?

Bilakaera oso progresiboa izan da, pausoz-pausoz, poliki. Bodega ere beharren arabera edo ahal zen neurrian eraikiz joan gara.

Berrikuntza eta teknologia bete-betean sartu dira sagardoaren sektorean. Nola egokitu da Zelaia Sagardotegia garai berrietara?

Berrikuntzak eta hobekuntzak etengabe izan ditugu Zelaian, garaian garaiko egokitzeak, etorkizunera begiratzea eta erronkei aurre egitea izan da urte guzti hauetan landu dugun bidea. Sagardoaren esentzia galdu gabe, ahaztu gabe nondik gatozen, Zelaian aurrera egin dugu teknologia eta ezagutza berriak gurean uztartuz.

Lehen sektoreari buruz hitz egiten dugunean, belaunaldi erreleboa bermatzeko beharra aipatzen da sarritan. Nola erakarri gazteak?

Galdera horren erantzuna bagenu... Negozio txikiak errentagarriak ez badira, gero eta zailtasun gehiago ikusiko ditugu; benetako neurriak behar ditugu bertako ekoizleak babesteko. Ezinbestekoa da eredu errentagarriak sortzea sagardogintzari dagozkion hiru ataletan: sagarrean, sagardoan eta sagardotegian. Eta erreleboa eman dadin, bi generazioen arteko komunikazioa ahalbidetu behar dugu, lehengoek eta ondorengoek elkar uler dezaten.

Txotx garaia bukatzear dagoen honetan, nola baloratzen duzue aurtengo denboraldia?

Berezia izan da aurtengoa ere, izan ere, otsaila erdialdera arte ezin izan genuen txotxetik sagardorik dastatu. Dena den, jendeak gustura hartu du kupela arteko giroa eta oso eskertuta gaude aurten ere izan dugun bisitari eta sagardozale kopuruarekin eta izan dugun erantzunarekin.

Pandemia aurretiko egoerarekin alderatuta, aurtengoa normaltasuna iritsi dela esan daiteke?

Pandemiaren eraginez, aldaketa batzuk egin ditugu jantokian eta horietako batzuk mantendu ditugu, adibidez, mahai kopurua. Momentu honetan, lehen baino jende gutxiago hartzeko joera dugu, bezeroanganako arreta hobetzeko asmoz. Pandemiaren ondorioz, uste dugu jendeak hori ere balorean jarri duela eta bide horri heldu nahi genioke. Gure etxearen ardatza sagardoa da, upeltegia, eta jendeak hori dastatuz momentu eder bat pasatzea da gure helburua.

Zelaia sagardoari buruz, kalitate zigilua daramaten sagardoak bakarrik ekoizten dituzue. Oso bodega gutxik lortzen dute hori...

Etxe barruko erabaki bat da hori, guretzako ezinbestekoa da bezeroari kalitatea eskaintzea eta hori bermatzeko egun dauden zigiluekin bat egitea iruditzen zaigu bide egokiena.

EROSKIk apustu sendoa egiten du tokiko ekoizleen alde. Noiztik duzue zuek harremana EROSKIrekin?

EROSKIrekin dugun harremana oso aspaldikoa da, 1985. urtearen inguruan hasi ginen EROSKIn Zelaia saltzen, sagardotegiaren hazkundearen garaian.

Nola lagundu dizue EROSKIk zuen sagardoaren hedapenean?

EROSKI gure salmenta kanal garrantzitsuenetako bat da, eta azkeneko urteotan Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren alde egin duen apustua, ezinbestekoa. Espero dugu hasitako bide honi ere jarraipena ematea datozen urteotan, giltzarri baitira Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren bidean. Bestetik, edari berri bat merkaturatu genuen unean (Musker, bertako cider) EROSKIk prestutasun guztia erakutsi zuen ateak ireki-tzeko eta produktu berria bere dendetan eskaintzeko. Guretzako ezinbesteko apustua izan da, horrelako ekintzek ematen digute aukera aurrera egiteko.

Nola ikusten duzu sagardogileen etorkizuna?

Euskal sagardoak etorkizun oso oparoa izan dezake, Jatorri Deitura batek ematen digun bermea daukagulako, eta, era berean, sagardoak duen herriko izaera hori dugulako. Bertako sagastiak, bertako herritarrak... Etorkizunera begira, bertako sagarrekin ekoiztutako kalitatezko produktuari bidea irekitzea ezinbestekoa da.

27/04/2022