Aiarako Ekiola herritarren energia kooperatibak proiektua hiritar orori ezagutarazteko faseari ekin dio eta informazio saioak antolatu ditu. Lehena asteazken honetan izango da, otsailaren 19an, Amurrion, eta bigarrena martxoaren 5ean, Laudion, Arabako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.
Proiektuaren datu zehatzak ezagutzeaz gain, bertaratutakoek txosten pertsonalizatua jasoko dute beren elektrizitate kontsumoaren egungo faktura aurkeztuz gero, kooperatiban parte hartu nahi duten ala ez balora dezaten. Txosten horretan, parte hartzeko baldintzei buruzko informazio zehatza jasotzen da, familia bakoitzaren kontsumoaren araberakoa.
Aldi berean, proiektuaren gizarteratze fasea abiaraziko da, eskualdeko herritarrak erakarri eta autohornidurarako eguzki energia ekoizteko instalazio berria kudeatuko duen kooperatiban sartzeko. Horretarako, informazio eta aholkularitza bulego bat egongo da Amurrioko udaletxean otsailaren 20tik martxoaren 5era, eta Laudioko udaletxean martxoaren 6tik martxoaren 20ra.
Proiektuak 700 kooperatibista izan nahi ditu, eguzki parke fotovoltaikoa eraikitzea aukera izan dadin, Ekiola Aiaraldeak eskaintzen dituen onura ekonomikoengatik zein ingurumen eta gizarte onurengatik. Urteko 2.200 kWh-ko batez besteko kontsumitzailearentzat, kooperatibista bakoitzak 1.700 euroko ekarpena egiten dio kooperatibari urtean kontsumitutako energia bera sortzeko (PFEZn %15eko kenkaria aplikatuko da, ohiko etxebizitzetarako inbertsioen kasuan).
Modu honetan, Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat betetzen da: kooperatibistak eskari elektrikoaren %100ean burujabeak izatea urtebeteko epean.
Aiarako Ekiolako energia kontsumitzaile bakoitzari helaraziko zaion sorkuntza kostuaren prezioa 29 euro/MWh izango da lehen urtean (karguak, zergak eta bidesariak kanpo). Proiektuaren bizitza baliagarria 30 urtekoa izatea zenbatetsi da, eta horrek energia epe luzera oso kostu prezio erakargarrian sortzea ekarriko du.
Energia kooperatibak kargatzeko gune publikoak ere egingo ditu Aiaran, bazkideek eta herritarrek ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izan ditzaten. Obrak urtarrilean hasi ziren eta instalazioa aurtengo urte amaierarako martxan egotea espero da, kooperatibako bazkideek beren energiaz baliatu ahal izateko.