Buscar
Gipuzkoa

Aiert, Arragoa eta The Clayton Danbakako finalean izango dira

Bergarako Seminarixoko oholtza gainean erabakiko da ostiralean musika lehiaketa honen irabazlea
Aiert, The Clayton eta Arragoa taldeak. | ARGAZKIA:GOIENA
Aiert, The Clayton eta Arragoa taldeak. | ARGAZKIA:GOIENA

Oñatiko Aiert bakarlaria, eta Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton taldeak aukeratu ditu epaimahaiak datorren ostiralean Bergarako Seminarixoko taula gainean Danbaka musika lehiaketaren baitan jokatuko den finalerako. Hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte finalistek.

Etziko hitzorduan talde bakoi-tzak 45 minutuko emanaldia egingo du, 21.30ean hasita. Guztira, hiru sari banatuko dira. Batetik, Sari Nagusia –disko bat graba-tzea– hiru hautatuen artean, eta bestetik, herritarrek bozketa bidez aukeratutakoa (bideoklipa), eta Ekinez Saria. Azken hau aurtengo ekainean bigarrenez Bergaran ospatuko den jaialdian jotzeko aukera izango du sarituak.

Debagoieneko 20 taldek parte hartu dute Goiena Komunikazio Taldeak, kasu honetan Bergarako Udalaren laguntzarekin, bultzatutako Danbaka musika lehiaketaren bosgarren edizioan.

Dj Gela

Urriaren 14an Danbaka hasi zenetik bost kontzertuetan chil out gune bat aretoaren kanpoaldean jarri dute, eta hor hainbat emanaldi antolatu dituzte, baita DJenak ere. Oraingorako, izen handiko bat gonbidatu dute antolatzaileek: DJ Gela. Murtziarrak eskarmentu handia du. Sonar jaialdi ospetsuan eta Razmatazz, Corsica Studios, Wilden Renate eta Dabadaba aretoetan ere aritu da.

San Martin plazan, beste behin, Sanprubusa izango da bestelako ostalaritza zerbitzua eskaintzen, 20.00etatik aurrera. Horretaz gain, agertokiaren barruan ere tabernatxo bat egongo da.

Sarrerei dagokienez, lau eurotan egongo dira salgai leihatilan. Goienakide direnak, aldiz, doan sartu ahalko dira, Goiena aplikazioa erakutsita. Gainera, aipatutako aplikazioa jaitsita eta instalatuta duen orok bi euro bakarrik ordainduko ditu.

2023-01-12T06:49:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo