Garai ilunetan beharrezkoa suertatzen den argia dauka Zea Maysen Adore, kemena, kuraia diskoak. 2020 eta 2021 artean, Covid-19ak eragindako pandemia garaian idatzi ziren diskoa osatzen duten lehenengo zortzi abestiak. “Agian zilarrezkoa naiz / edo nire mundu-krisira ohitu naiz / Agian gogorra naiz, gara / agian dena gezurra da” dio diskoa irekitzen duen Adore kantuak, eta erraza suertatzen da Aiora Renteriak kantu hau idazterakoan zuen testuingurua irudikatzea. Kulturak , beste sektore askok bezala, erabateko etenaldiaren ondorioak jasan behar izan zituen.
Kontzertuak emateko ezintasunaren aurrean, talde bilbotarrak sorkuntzaren bideari eustea erabaki zuen. Kantuak idatzi, sortu, grabatu eta plataformetan argitaratzen joatea izan zen bide hori. Hala, Adore eta Zuk borroka hasi izan ziren plazaratu ziren lehenengo bi abestiak, ondoren Kemena eta Inondik inora etorri ziren, gero Kuraia eta Doctor Deseoren Corazón de tango abestiaren bertsioa argitaratu zituzten eta azkenik Ez zaitez sartu eta Bizia-k itxi zuten zortzikotea. Hain zuzen eszenatokietara itzultzeko unea iritsi zenean, alta, abeslariak bere bizitzako unerik zailenetako bati aurre egin behar izan zion: minbizia. Gaitza gailenduta eta diskoa osatu duten azken bi abestiak grabatu ondoren, inoiz baino indartsuago dator Errekaldeko taldea eszenatokietara, beraz.
2022an plazaratutako diskoa bada ere, ‘Adore, Kemena, Kuraia’ lehendik egositakoa da. Zein testuingurutan sortu ziren abesti hauek?
2019ko abenduan Atera diskoa plazaratu genuen. Euskal Herrian aurkezpen kontzertu batzuk egin eta pandemia iritsi zen berehala. Geneukan guztia bertan behera gelditu zen, ezin genuen diskoa mugitu. Momentu horretan ez genekien zer egin eta aukera bakarra kantuak sortzen jarraitzea zen. Abestiak egin, grabatu eta plataformetan ateratzen hastea pentsatu genuen, ondoren disko berri bat osatzeko asmoarekin.
Beraz, asmo hori hasieratik zegoen?
Bai, hori da. Abestien artean koherentzia bat izatea nahi genuen, dena lotuko zuen nolabaiteko hari bat: Adorea, kuraia eta kemena hitzak, sinonimoak, izan ziren hari hori. Ondoren, dena pertsona berdinarekin grabatu ordez, esan genuen: Zergatik ez dugu ekoizle desberdinekin eta estudio desberdinetan grabatzen?
Ez da ohikoena, alta. Zer dela eta hartu zenuten erabaki hori?
Ekoizle desberdinak probatu nahi genituen. Disko batean sartzen zarenean, normalean, bakar batekin egiten duzu eta disko osoa erabaki horren esku gelditzen da. Ekoizle desberdinekin egitea perfektua iruditu zitzaigun. Bi abesti egin, eurek esandako estudioan grabatu eta diskoan kantu bakoitzari bere garrantzia eman: bakoitza bere promoarekin, bere azalarekin, bere momentuarekin…
Eta ez zenuten beldurrik horrekiko? Erran nahi dut, ekoizle desberdinekin grabatzerakoan kantu bakoitza mundu bat izan zitekeen…
Azkenean, ekoizle bakoitzak bere ikutua ematen dio baina oinarria, sustraia, taldea gara. Zaila da gure soinua ez entzutea diskoan. Lehenengoa Ricky Falknerrekin egin genuen. Etxetik atera eta ezagutzen ez genuen pertsona batekin grabatzera joan ginen, ezagutzen ez genuen estudio batera… Abesti oso freskoak atera ziren, hala izan zelako prozesua: abestiak egin eta grabatu. Hurrengo biak Santirekin (García) egin genituen, eta berdin. Ondoren Tio Peten egon ginen, José Lastrarekin, Dave M. Allen aritu zen ekoizle bezala. Azkeneko biak ere bertan grabatu genituen, baina Aritz Aranbururekin ekoizle bezala.
Zer nolakoa izan da esperientzia zuentzat, talde bezala?
Oso urduri hasi ginen. Rickyrekin grabatzen egon ginen lehenengo ordua desastre hutsa izan zen. Izan ere, gure entsegu lokalean arazo bat izan genuen grabaketaren aurreko asteetan eta ia ez genituen abestiak entseatu. Hiru aste eman genituen entseatu gabe eta, abestiak eginda bazeuden ere, oso kili-kolo eraman genituen. Hasieran kosta egin zitzaigun baina gero dena ongi joan zen, oso gustura egon ginen. Azkenean, jende berriarekin lan egiten ikasi dugu, lekuetara beldurrik gabe joaten, ziurtasun guztiarekin jotzen.
Hogeita bost urte eszenatokian eta ziurtasun gabezia sentitzen jarraitzen duzue? Hori, nolabait, polita ere bada.
Beti bilatzen dugu zerbait berezia, tripan tximeletak sentitzen jarraitzeko, zerbait polita egiteko tentsioa edukitzeko. Ilusioa mantentzen jarraitzen dugu.
Ez da gutxi, jakinda gainera 25 urte hauetan taldekide berberak izaten jarraitzen duzuela. Ez da maiz gertatzen hori, ezta?
Lagunak gara, eta hori nabaritzen da. Norbaitek momenturen batean pixka bat gelditu nahi badu, erritmoa baretzen dugu. Edo alderantziz, badira momentuak batek besteak baino gehiago tiratzen duela aurrera, baina oso modu naturalean ematen da dena. Azkenean, familia baten edo bikote baten moduko harremana da. Gauzak hitz egin behar dira, dagoena argi utzi eta errespetatu.
Etenaldiak ezinbestean heldu izan zaizkizue disko honen sorkuntza prozesuan, pandemiatik hasita.
Bai, eta hain zuzen lehenengo zortzi abestiak grabatzetik bukatu genuenean, diskoa atera eta kontzertuak ematen hastear geundela, nirea heldu zen: minbizia. Prozesu guztia berriro gelditu behar izan genuen.
Zer nolako eragina izan du horrek diskoan?
Abesti gehienak, Adore abestia, Kemena abestia, nire minbizia baino lehen egin ziren, nahiz eta horren ostean sortuak direla dirudien. Oso kuriosoa da. Hurrengoan, akaso, txalet bati buruz idatzi beharko dut, ea diskoa atera ostean horrelako zeozer iristen zaidan… Egia da, hala ere, abestiak oso lagungarriak izan zirela momentu horietan. Badakit ez dela normala akaso zuk zure abestiak entzutea, baina niretzat oso lagungarriak izan ziren garai horretan aurrera egin ahal izateko. Adore, Kemena, Kuraia abestia eta Rozalenekin egin genuen Ez naiz ni izan ziren guzti horren ondoren grabatu genituen abesti bakarrak.
Askorentzat himno bat ere baden kantu baten bertsioa aurkitzen dugu disko honetan: ‘Corazón de tango’. Zergatik kantu hau?
Galder Izagirrek, Dut taldeko bateriak, proposatu zigun. EITB-ko Bidegurutzean saioa egiten zuen momentu horretan. Saioaren dinamika hurrengoa zen: hiru talde batzen ziren saio bakoitzean, talde base bat eta beste bi. Guri, Doctor Deseorekin eta Kai Nakairekin elkartu gintuzten, eta guri egokitu zitzaigun talde basea izatea, beste bi taldeen kantuetako baten bertsioa eginez. Doctor Deseoren kasuan, Corazón de tango bertsionatzea erabaki genuen. Behin eginda, emaitza asko gustatu zitzaigunez, diskoan sartzea erabaki genuen. Ez balitz telebista saio horrek eman zigulako horretarako aukera, ziurrenik ez genukeen inoiz egingo.
Eta arrakasta eduki du gainera, ez bakarrik abestiak, baita bideoklipak ere.
Bideoklipa pelikula txiki bat da. Jende askok uste izan du pelikula batetik ateratako irudiekin osatu dugula bideoklipa, baina ez. Bárbara Fernández izan da zuzendaria eta berak lortu zuen Carmen Machi eta Ramón Barea aktoreak bideorako liatzea. Izugarria izan da beraiek lanean ikustea. Bi egunetan grabatu genuen Etxarrin (Larraun), eta gogorra izan zen ze euri piloa egin zuen. Herriko jendeak asko lagundu zuen eta asko zaindu gintuzten. Azkenean dena ongi ateratzea lortu genuen.
Trabak traba, baina gauzak ateratzen joan dira.
Bai, oso polita izan da prozesu guztia, azkenean dena jarri da bere tokian.
Rozalenen kolaborazioa ere izan duzue disko honetan. Zer moduz berarekin lanean?
Bai, hor ere Galderrek izan zuen zerikusia, berak elkartu gintuelako. Oso ongi gelditu da abestia, izugarrizko esfortzua egiten du euskaraz ongi kantatzeko. Oso jatorra da eta oso erraza da berarekin lan egitea.
Talde ororentzat azken diskoa izan ohi da hoberena. Hala da kasu honetan ere?
Ba nire ustez bai. Disko hau egiten etapa desberdinak pasatu ditugu eta pila bat ikasi dugu. Temazoak egin ditugula uste dut eta, gainera, erraztasunez eta ziurtasunez egin ditugu. Ziurtasunez gaude orain talde bezala, eta hori nabaritzen da. Abestiak egin eta grabatu ditugu, buelta askorik eman gabe.
Soinuari dagokionez, elektronikora urrats handiago bat eman duzue, orain arte ere zuen musikan beti egon den arren.
Bai, gehienbat azkeneko bi abestiekin, Aritzekin (Aranburu) grabatutakoak hain zuzen ere. Gozada bat izan da, berak asko kontrolatzen duelako rollo elektronikoa. Beste diskoetan ere askotan lagundu izan digu. Sintetizadoreak hasiera hasieratik erabiltzen ditugu, baina disko honetan beste gauza bat da.
Indar berezi bat ere badauka diskoak, ezta?
Bai, baina freskotasunaren eskutik dator indar hori ere.
Iruditzen zait momentu oso egoki batean iritsi dela disko hau. Hain zuzen ere pandemiaren garai ilun horretatik atera berritan, akaso jendeak gehien behar duenean lan honek daukan argia. Ados zaude horrekin? Zein da iritsi zaizuen feedback-a?
Aspalditik daukagu feedbacka, hain zuzen ere abestiak aurretik ateratzen joan direlako. Abesti guztiak oso ongi funtzionatzen dute. Adore 2021ean atera genuen, apirila maiatza aldera; eta Kemena irailean atera zen. Ordutik iritzi oso onak iritsi zaizkigu. Kemena, niretzat oso abesti berezia da: maite duzun leku batera, oso zoriontsu izan zaren leku batera itzultzea da, indarra hartzeko eta aurrera jarraitzeko abesti bat. Jendeak oso ondo hartzen duen abestia da. Santi Garcíarekin grabatu genuen Sant Feliú de Guíxolseko Ultramarinos estudioetan, eta gozada bat izan zen: berarekin oso gustora egon ginen, hondartza geneukan ondoan, grabatu eta bainu bat hartzeko aukera genuen… Gauza marabilloso hori igartzen da abestian.
Eta zer moduz kontzertuetan? Ongi funtzionatzen du diskoak taula gainean?
Oso ondo, gustura gabiltza. Saiatu gara beste pausu bat ematen, argiekin ikuskizun bat sortzen eta horri garrantzia ematen. Kontzertu potenteak egin nahi ditugu eta espero dugu egindako lan guzti hori nabaritzea jendeak. Kontzertua bukatzean, jendea gustora gelditzea, marka bat utzi nahiko genuke. Bihotzez egin nahi ditugu kontzertuak, jendeak ere hala sentitzeko: kantatzeko, dantza egiteko, negar egiteko eta barre egiteko.
Iruñean egonen zarete martxoaren 24ean eta dagoeneko sarrera guztiak agortu dira.
Hiru aste lehenagotik jakitea sarrera guztiak saldu direla subidoi bat da. Donostian ere dena salduta dago hasiera-hasieratik, Bilbon eta Gasteizen ere oso sarrera gutxi gelditzen dira… Horrek lasaitasun bat ematen dizu. Gure esku dago orain ikuskizun on bat eskaintzea, eta ardura bat ere bada, jendeak asko espero duelako eta maila eman behar dugulako.
Hurbiletik
- Ostiralean, Iruñean. Duela hilabete baino gehiago agortu ziren Zea Mays taldeak datorren ostiralean Iruñeako Zentralen emango duen kontzerturako sarrerak. Kontzertua 21.00etan hasiko da eta aretoko ateak ordubete lehenago irekiko dira.
- Aurkezpen bira: Donostiako Dabadaban Iruñeko kontzertuaren ondoren (martxoak 21), birarekin jarraituko du Zea Maysek eta atzerrira jauzi egingo du etxera itzuli aurretik. Teruel, Bartzelona, Zurich, Frankfurt eta Berlinen eskeiniko dituzte kon tzertuak martxoa eta apirila bitartean, eta apirila bukaeran itzuliko dira Euskal Herrira. Apirilaren 21 eta 22an Donostiako Dabadaba aretoan joko dute, apirilaren 29an Bilboko Kafe Antzokian eta maiatzaren 13an Gasteizko Jimmy Jazzen.