Araba

Aita arduratsuak sustatzeko tailerra antolatu du Udalak

Zehazki, gizonei, 0 eta 3 urte bitarteko haurren aitei eta tutoreei zuzenduta egongo da
Tailer honen aurkezpenean egindako irudia, atzo Gasteizko Udaletxean. | ARGAZKIA: ALEX LARRETXI

Haurrak hazi, hezi, irakatsi eta laguntzeko ardura gurasoena da, aitarena zein amarena. Baina, batzuetan, errealitateak erakusten du emakumeek osatzen dutela modu aktiboenean haurren hezkuntzan eta hazkuntzan. Hain zuzen ere, aitei laguntzeko eta haiei prestakuntza emateko, Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak seigarren urtez jarraian antolatu du Gure seme-alaben hazkuntzarako eta heziketarako gurasotasun arduratsua eraikitzen.

Zehazki, 0 eta 3 urte bitarteko haurren guraso edo tutoreei zuzendutako tailerra da, Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren haur eskoletan matrikulatuta badaude. Programak bost ardatz ditu. Lehenengoan, gurasotasun tradizionala eta balioen transmisioa berrikusiko dira; bigarrenean, jaiotzaren ostean etxean dagoen antolaketa landuko da; hirugarrenean, aitek beren seme-alaben hazkuntzan duten garrantzia nabarmenduko da; laugarren atalean, emozioen kudeaketa eta lotura afektiboa landuko dira, eta azken ardatza eran-tzunkidetasunaren eta norberaren errealizazioan oinarrituko da.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, guztira, tailerrak zortzi saio izango ditu, bakoitza bi ordukoa. Hilaren 7, 14, 21 eta 28an eta martxoaren 7, 14, 21 eta 28an izango dira saioak, 18:30etik 20:30era, Salburuko Gizarte Etxean (Bratislava hiribidea, 2). Informazio gehiago emateko, hilaren 17an hitzaldi informatiboa izango da Salburuko Gizarte Etxean, 18:30ean. Posta elektronikoz ere informazio gehiago jaso daiteke: eskolahh@vitoria-gasteiz.org helbidean. “Tailer honekin gizonek adingabeen heziketan eta zaintzan erantzunkidetasuna izateko aurrerapausoak eman nahi ditugu, gogoetaren eta trebakuntzaren bitartez”, adierazi zuen Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultur zinegotziak.

Edizio berri honen bidez, Gasteizko Udalak emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna bultzatzen eta laguntzen jarraitu nahi du. Hain zuzen, Estibaliz Cantok azaldu zuenez, hezkuntzan eta adingabeen zaintzan gizonek duten erantzunkidetasunerantz aurrera egitea da kontua. Helburu hori lor-tzeko, tailerrak hainbat tresna eskainiko dizkie gizonezkoei, eta haurren hazkuntzarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko hausnarketa ere egingo da.

Aurreko edizioak

Orain arte egin diren aurreko edizioetan (sei guztira), gurasoek harrera ona izan dute; beraz, aurten ere, Hezkuntza eta Kulturako zinegotziak atzo animatu zituen haur jaioberriak dituzten guraso guztiak, eta hiru urte arte, tailer horietan apuntatzera, beren seme-alabak modu aktiboan hazteko hainbat tresna izan ditzaten. Tailerrean hainbat gai jorratuko dira. Adibidez: aiten ondarea, zaintzaren kontzeptu zabala, kultura-egokitzapenak eta aiten zain-tza-aukerak, aitatasuna eta maskulinitatea familian eta ingurune hurbilean eta aitatasunaren eragina balioen transmisioan, erantzukizunarekin batera, besteak beste, Gasteizko Udaletik atzo jakinarazi zutenez.

Tailerraren informazioa: horren harira

  • Egunak. Gasteizko Udaletik atzo azpimarratu zutenez, guztira, tailerrak zortzi saio izango ditu, bakoitza bi ordukoa. Hilaren 7, 14, 21 eta 28an eta martxoaren 7, 14, 21 eta 28an izango dira saioak, 18:30etik 20:30era, Salburuko Gizarte Etxean (Bratislava hiribidea, 2). Informazio gehiago emateko, hilaren 17an hitzaldi informatiboa izango da Salburuko Gizarte Etxean, 18:30ean. Posta elektronikoz ere informazio gehiago jaso daiteke: eskolahh@vitoria-gasteiz.org helbidean. Zein da tailer honen helburu nagusia? Erantzunkidetasuna sustazea. Hau da, “tailer honekin gizonek adingabeen heziketan eta zaintzan erantzunkidetasuna izateko aurrerapausoak eman nahi ditugu, gogoetaren eta trebakuntzaren bitartez”, azpimarratu zuen tailer honen aurkezpenean Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultur zinegotziak.
11/01/2023