Gipuzkoa

“Aizkoraren arloaren inguruan dagoen guztia gustatzen zait, batez ere sortu dugun familia”

Nerea Arruti hiru urte daramatza herri kiroletan eta Euskal Herriko hiru txapela lortu ditu
Nerea Arruti, proba bat amaitzerakoan / Arnaitz Rubio

Duela hiru urte Nerea Arruti aizkolaritzan hasi zen, eta ez du hutsik egin: hiru urte eta hiru Euskal Herriko txapela. Aurten, bere lehiaketarik garrantzitsuena jokatuko du. Hilabete barru, ama izango da.

Betidanik kirolari izan zara?

Bai, judon hasi nintzen oso gaztetik 20 urte izan nituen arte. Gero ere eskubaloia, tenis, atletismo... praktikatu ditut. Denetarik egin dut. 

Nola hasi zinen aizkolaritzan?

Kasualitatez. Nik crossfit egiten nuen Donostian eta gimnasiora Gipuzkoako Federaziotik etorri ziren herri kirolak azaltzera eta pixka bat probatzen hasi nintzen. Gero, orain ibiltzen naizen jendearekin topo egin nuen bertan: Gabriel Saralegi, Peru, Luxarbe eta Amalur Arbelaitz. Engantxatu nintzen eta duela hiru urtetik honetan nabil.

Zure lehenengo harremana izan da herri kirolekin?

Banekien herri kirolak zer ziren, baina ez nuen inoiz probatu ez nekielako nora jo behar nuen. Beste kiroletara gerturatzea errazagoa izaten da.

Hiru urte entrenatzen eta hiru Euskal Herriko txapela lortu dituzu. Gehiago eskatu daiteke?

Egia esan dena lortu dut. Hiru txapela irabazi ditut Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketetan parte hartu dudan hiru urteetan, 2022, 2023 eta 2024. Pentatloian ere txapela irabazi nuen. Gustora, ezin naiz kexatu.

Zein da aizkoran ibiltzeaz gehien gustatzen zaizuna?

Azkenean, sortu dugun familia. Gustora ibiltzen zara, gustora joaten zara entrenatzera eta gustora joaten zara txapelketetara. Azkenean, arlo honen inguruan dagoen guztia gustatzen zait eta asko daukat eskertzeko. Hiru urte oso politak izan dira eta horrek erakarri nau gehien. Oso ondo dago txapelketak irabaztea, baina horra iristeko zure ondoan dauden perstonekin horren ondo moldatzea eta entrenatzera gustora joatea, gehien erakartzen nauena da.

Eta alde gogorrik bada al du?

Bai, gauza guztietan bezala. Azkenean orduak sartu behar dira eta gauza asko utzi behar dituzu alde batera aizkora egiteko. Lanean nabil 8.00etatik 18.00etara, gutxi gorabehera eta ateratzen zarenean entrenatzera joan behar duzu eta lagunekin ezin duzu hainbeste denbora egon. Baina beste lagunak ere badaude aizkoran laguntzen zaituztenak eta zure betiko lagunak ere joaten dira zu ikustera txapelketa batera.

Azkenaldian emakumeak herri kiroletan gehiago ikusarazi dira, baina egia da aizkoran pixka bat zailagoa dela emakumeak ikustea, harria jasotzen baino

Zenbat entrenatzen duzu astean?

Azkeneko denboraldian astean bitan joaten nintzen aizkoran ibiltzea eta gero nire kabuz fisikoa lantzen nuen.

Duela urte batzuetatik hona emakume gehiago ikusten dira herri kiroletan. Zergatik dela uste duzu?

Nik uste dut gehiago ikusarazi delako, telebistan gehiagotan agertu delako. Orduan neskek erreferente gehiago ikusten dituzte. azkenean gure herri kirolari direlako. Lehen telebistan bakarrik gizonezkoak ikusten ziren eta nahiz eta herri kirolak gustoko izan neskak ez ziren hain erraz animatzen. Orain behintzat nesken talde batzuk badaude herrialde diferentetan eta horrek erraztu du neska gehiago apuntatzeak. 

Hala ere, aizkoran oraindik oso emakume gutxi dago.

Egia da aizkoran pixka bat zailagoa dela neskak ikustea, harria jasotzen baino; nik pentsatzen dut aizkoraren atzean lan gehiago eta prestaketa gehiago dagoelako. Baina telebistan agertzea eta plazetara joaten den jendeak neskak ikustea neskei aurrerapauso hori ematera animatzen die. 

Pentatloian ere aritu zara oso emaitza emankorrekin. Zein zailtasun du modalitate honek?

Proba honetan bost modalitatetan ibili behar zara eta horrek ematen dio zailtasuna. Denean landu egin behar zara, denbora gutxi daukazu eta ikusteko oso-oso polita da. Pena da azkeneko urteetan nesken kategorian pentatloia bertan behera gelditu dela. Esan bezala, ikusteko oso polita da, azkenean neskak eta mutilak bost kirol horietan nola moldatzen diren ikustea oso polita da.

Zergatik uste duzu azkeneko urtean nesken kategoriako proba ez dela antolatu?

Denbora asko behar da bost modalitatetan parte hartzeko eta neskarik ez da animatu azken urteetan. Askotan ez daukazu denbora hori eta modalitate guztiak entrenatzeko aukerik ere ez daukazu.

Urnietan herri kirolekiko zaletasuna dago?

Urnietan jendea ibili da herri kiroletan. Nik egia esan ez naiz ibiltzen, ni Leitzara joaten naiz. Nik badakit segan, aizkoran eta erremontean jendea dabilela eta zaletasuna dagoela, baina nik beste lekuetara joan behar izan dut praktikatu ahal izateko.

Haurdun nago, hilabete barru izango dut alabatxoa eta ikusiko dut denboraz nola nabilen gero, baina herrri kiroletan jarraitzeko asmoa dut

Hala ere, herrian zure garaipenak ezagunak dira eta iaz txotx denboraldia inauguratzeaz arduratu zinen.

Bai, esperientzia polita izan zen eta eskertzekoa da, nitaz gogoratzea. Imanol Ansarekin (erremontaria) egin nuen txotx irekiera eta oso gustora egon nintzen.

Euskal Herri mailan ere ezaguna zara ‘El Conquistador del Caribe’ lehiaketan parte hartu zenuelako.

Beste esperientzia izan da. Beti gustatu izan zait bidaiatzea eta gauza berriak ikustea. Ez zen ondo atera, baina beste esperientzia bat izan zen.

Zein proiektu dauzkazu denboraldi honetarako?

Orain haurdun nago, hilabete batean izango dut alabatxoa, gero ikusiko dut denboraz nola nabilen, baina herri kiroletan jarraitzeko asmoa dut.

15/03/2025