Polideportivo

Alai eta Makur

Snowboard Álvaro Romerok zilarrezko domina eskuratu du Veysonnazen, Munduko Kopako emaitzarik onena berarentzat; aldiz, Lucas Eguibar 17. izan zen, eta 3. da sailkapen orokorrean
Alvaro Romero, Nick Baumgartnerren aurretik, atzo Suitzako Veysonnaz estazioan egindako jaitsiera batean. | ARGAZKIA: EFE

Alvaro Romero 19 urteko gazte donostiarrak ezustean harrapatu zituen atzo espezialistarik onenak, Suitzako Veysonnaz estazioan jokatutako snowboard boardercrosseko Munduko Kopako proban bigarren postua lortuta. Txanponaren aurpegi alaia izan zen berea.

Aldiz, Sierra Nevadan irabazi eta sailkapen nagusiko lider kokatzetik zetorren Lucas Eguibar donostiarra, Suitzako ibilbide horretan 2015ean, 2016an eta 2019an garaile izandakoa, ez zen final-zortzirenak gainditzeko gauza izan (17.a izan zen). Beraz, aurpegia makurtu egin behar izan zuen Lucasek; inolaz ere, Romeroren garaipena lagungarri gertatu zitzaion Kristalezko Globoaren borrokan, lehiakide hurbilenetako batzuk atzean utzi zituelako.

Zirkuituko lehen podiuma atzo lortu zuen Romero bikain aritu zen Veysonnaz-eko ibilbide tekniko eta azkarrean, eta Martin Noerl alemaniarrak soilik erakutsi zion bizkarra finalean. Lorenzo Sommariva italiarra izan zen podiumean hirugarren, Eliot Grondin kanadarraren aurretik.

Finalerdietan, Omar Visintin italiar rider handiari ere aurrea hartu zion, foto-finishak erabaki behar izan zuen jaitsiera ikusgarrian.

“Oso pozik nago, oso lasterketa borrokatua izan delako. Konfiantza handiarekin nentorren, Munduko Txapelketa ona jokatuta, eta topera joan naiz lehen txandatik”, esan zuen Romerok RFEDIk zabaldutako adierazpenetan.

“Kanporaketak oso estuak izan dira eta finalean akats txiki bat egin eta erortzeko zorian izan naiz, baina neuri buruari esan diot eutsi nola edo hala, helmugara iritsi behar duzu. Eta horrela lortu dut Munduko Kopako lehen podiuma” esan zuen.

Final-zortzirenetan, Alessandro Haemmerle austriarra, Nick Baumgartner estatubatuarra eta David Pickl austriarra zituen aurkari. Azkenean, Haemmerle faborito nagusia ez zen irteeran agertu, eta hiruren arteko lasterketa bilakatu zen.

Gauzak horrela, eta irteera motel samarra izan zelarik, Romerok atzetik aurrera egitea lortu zuen, azken sektorean lehen postuan kokatu arte.

Final-laurdenetan Martin Noerl zirkuituko rider onenetako bat gainditu behar zuen, baita David Pickl eta Adam Lambert estatubatuarrak ere. Gipuzkoarra ez zen irteera horretan ere batere fin ibili, baina estrategiarekin asmatu eta aurkariak gaindi tzeko gauza izan zen, alemaniarra bera ere azken zatian aurreratuz, berriz ere nagusitu eta finalerdietan sartzeko.

Finalaurrekoan, azken postutik lehenengoa izatera pasa zen Romero, foto-finisha ikusi ondoren; Visintin kanporatu eta finalean sartu zen Noerlekin batera.

Finalean Romerok ondo eutsi zion Noerlen erasoari, Munduko Kopako lehen garaipena lortuz.

Aurten hamahirugarren postuan amaitu du Romerok Bakurianiko Munduko Txapelketan.

Kristalezko globoa eskura

Bestalde, Lucas Eguibarrek bere horretan mantendu ditu Kristalezko Globoa eskuratzeko aukerak, aurkari zuzenen hutsegiteak baliatuta. Donostiarrak sailkapen orokorreko hirugarren postuan ekingo dio Kanadako Mont Sainte Annen jokatuko den Munduko Kopako azken proba bikoitzari. Aurretik ditu une honetan Visintin, baita Noerl ere, atzoko Veysonnazeko probaren irabazlea eta espezialitate honetako egungo munduko txapelduna.

Lucas Eguibarrek 326 puntu ditu. Visintin, bigarren da, 335 punturekin. Sailkapenaren gailurrean Noerl dago, 374rekin. Munduko Kopa Kanadan amaituko da datorren astearen amaieran, eta lehia ezin estuago dago.

18/03/2023